Portugalete

Athleticeko agintarien zenbait jokabideren harira

Andoni Canales Arrasate
2025eko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futbol zelaietan historian zehar hainbat jarduera politiko antolatu izan dira kirola eta politika nahastu ezin direla esaten dutenen zoritxarrerako.

Hiru adibide baino ez: 

— 1976ko abenduaren 5ean Iribar eta Kortabarria Atotxan ikurrina eskuetan atera ziren.

— 1984ko abenduaren 17an Euskalduna ontziolaren berrehun langile San Mameseko zelaira irten ziren zaleen txaloen artean.

— 2022ko otsailaren 27an Ukrainaren banderaren koloreak San Mames zelaiaren kanpoaldean agertu ziren, zuzendaritzak horrela erabakita.

Azken ekintza horri helduta, gauza jakina da Ukrainan egin diren hilketa guztien artetik %3-5 artean zibilen heriotzak izan direla. Palestinaren kasuan, berriz, %85etik gorakoak; ikusgai dago genozidioa, zuzen-zuzenean. 

Galdera oso erraza da. Zergatik ez duzue Palestinaren aldeko aldarrikapenik egiten? Zergatik ezin da Palestinako bandera astindu?

Inoiz, etorkizun hurbil batean, atzera begiratu, eta egoera anker, zital, gizagabe honen aurrean ezer ere adierazi eta egin ez izanak ez dizue barrua mugitzen? Are gehiago Palestinako banderak eragotzi izan dituzuenean. Ez duzue inoiz pentsatu, bakoitzak bere bakardadean bada ere, egoera honek beste maila bateko erantzuna eskatzen duela? Kontzientzia lasai al duzue? Historiak gu denok epaituko gaitu!

Agintariek bakarrik ez, jokalariok ere ardura duzuela ezin da ahaztu. Zinez hunkigarria litzateke, hasieran aipatu ditugun adibideetan bezala, horrelakorik ikustea San Mamesen. Eta kasu horretan bai!: unique in the world barik, munduan bakarrak ozen eta harro mundu zabalean oihukatu ahal izango genuke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.