Berlinera doan tren bateko hirugarren bagoian nago eserita, nire lagunen ondoan. Gure aurrean, bikote bat eztabaida bizian ari da, bidaiari guztion arreta bereganatu duena. «A ze astunak. Isil daitezela», dio nire lagun batek. Ia oharkabean, taldeko guztiak euskaraz hasi gara hizketan. Ez dut uste tren honetan inork ulertuko gaituenik.
Eszena komentatzen jarraitzen dugu tarte batez, gure kode sekretuan. Naturaltasunez egiten dugu euskaraz; ironikoa da, ordea, etxean inoiz ez dugulako elkarrekin hizkuntza hori erabiltzen.
Arrazoia? Ohitura. Euskara ez da izan inoren ama-hizkuntza, nahiz eta denok, modu batera edo bestera, maite dugun. Baina hainbeste urtez elkarrekin gaztelaniaz aritu ondoren, hizkuntza aldatzeak ia lotsa ematen du; harridura sortzen du. Hortaz, ez da euskaraz egiteko zailtasuna; benetan kostatzen dena ohitura haustea da.
Muga zeharkatzen dugunean, ordea, deserosotasun hori desagertu egiten da. Euskara babesleku bihurtzen da; gure arteko konplizitatea. Badirudi etxetik ehunka kilometrora joan behar dugula beti gurea izan den hizkuntza horrekin berriro adiskidetzeko, askatasunez hitz egiteko.
Hor dago paradoxa: euskaraz erabateko naturaltasunez berba egiteko, lehenik eta behin ulertzen ez gaituen jendez inguratuta egon behar izatea.