Gizarte eta Kultura Antropologiako ikaslea

Autoezagutzaren tranpa

Lierni Lasheras
2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bestea ezagutzeko interes falta, norberarenganako hiperfokalizazioak, eta noski, gugan gauzarik txikiena aztertzearen praktika, kezkagarria iruditzen zait. Ez dut uste gure izaerari buruzko ezagutza handiago batera eramaten duenik, aldiz, psikosirako atari moduko bat iruditzen zait.

Argi dago gizakiok nolabaiteko identitate bat eduki behar dugula, itxuraz egonkorra eta iraunkorra, aldi berean dinamikoa eta aldakorra. Hala ere, gure humanizazioa eta hortik eratorritako identitatea harremanetan garatzen dira. Eugenia Ramirezek aipatzen duen bezala, gizakiok gu inguratzen gaituen ordena inplikatu horren parte gara, eta aldi berean ordena horrek gure jarduera inplikatuaren beharra du. Horregatik, arrazoia eta ekintza banakoengan eta ez kolektiboan daudela dioen ideia erraz bazter daiteke. Soziala gizabanakoaren eraikuntzaren parte da, eta haren existentziarako baldintza beharrezkoa.

Nahiz eta sozialtasuna gizakiaren berezko eta barneko gaia izan, epidemia isila gisa izendatua izan den fenomenoaren aurrean gaude, bakardadea. Nahi Gabeko Bakardadearen Estatuko Behatokiak egindako ikerketa baten arabera, 2016an Europar Batasuneko herritarren %12 inguruk adierazi zuen denboraren erdia baino gehiagotan bakarrik sentitzen zela; 2020an, berriz, ehuneko hori %25era igo zen. Halaber, adierazi zuten harreman sozial sendoagoak dituzten pertsonen biziraupen probabilitatea %50 handitzen dela.

Autofobia hitzak, bakarrik egoteko beldur irrazionala edo horren aurkako arbuioa, presentzia txikia duela dirudi eztabaida publikoan. Hala ere, denok ezagutzen ditugu fobia edo antsietate soziala kontzeptu psikologikoak. Norbere maitasunaren gaur egungo planteamenduak gure ongizatearen bilakaeraren ardura geure gain jartzera garamatza; ia erabat banakoari egozten zaio hobekuntzaren etorkizuna. Edozein autoebaluazio negatiboren errudun bihurtzen gara, biktima eta borrero.

Geure burua nola hautematen dugunaren azken erantzukizun osoa edukitzea nekagarria da, mugatzailea ere. Uste dut ikuspegi anitzek hornitutako pertzepzio dinamiko eta malgua askoz ere aberasgarriagoa dela, humanizatzaileagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE