Luzaroan pentsatu izan dut, Oslon, Norvegiako hiriburuan, Bakearen Nobel sariak emanen zizkietela pertsona eredugarriei, hau da, gizaki bakezale, baketsu eta bakegileei, alegia, ezaugarri horiengatik nabarmendu diren gizasemeei edota gizalabei, esate baterako, Mahatma Gandhiren tankerako pertsonei, adibide bat jartzeagatik, baina, argi eta garbi dago, aurten behintzat, ez dela inola ere bete suposizio hori. Izan ere, Corina Machado aurtengo Bakearen Nobel saridun venezuelarrak nabarmendu du Maduroren gobernuak «egitura kriminala» duela. AEBek egindako eraso zibil eta militarrak txalotu ditu, eta baita Nicolas Maduro eta Cilia Flores haren emaztea indarrez bahitu eta eramatea ere. Halaber, Venezuelako Gobernua «narkotrafikoarekin eta pertsonen legez kanpoko trafikoarekin finantzatutako gobernu bat» dela ere salatu du.
AEBek Maduro eta Flores preso eramateaz gain, herrialdearen kontrola ere Washingtonek hartuko duela iragarri du Donald Trumpek. «Trantsizio seguru bat» eta «kudeaketa egokia» egin nahi dituela ere adierazi du, baina, AEBetako armadak inbasioa egiterakoan, hildakoak eta zaurituak ere sorrarazi ditu, hau da, biktima errugabeak. Hala eta guztiz ere, Trumpi operazio bikaina eta arrakastatsua iruditu zaio; errepikatzeko modukoa. Haren helburua justizia lortzea omen da. Baina, horretarako, adituen arabera, Nazio Batuen Erakundearen Gutuna urratu omen dute, batez ere 1. eta 2. artikuluak: herrialde bakoitzaren subiranotasunaren errespetua, berdintasun juridikoa eta indarra erabiltzeko debekua bermatzen dituztenak. Baita NBEren Gutunaren 51. artikulua ere, alegia, Venezuelak eskubidea duela bere herria eta bere lurraldea defendatzeko.
Bueno, ba, Corina Machado ados baldin badago irregulartasun antidemokratiko horiekin guztiekin, nork sinetsi lezake Bakearen Nobel sari on bat merezi lezakeela?