Haur eta gaztetxo guztien zaintza eta osasun eskubideak bermatzea da edozein gizarteren lehen eginkizuna. Arlo horretan, kasuistika guztiei erantzunik egokiena ematen ahalegindu behar dugu, edozein dela ere bakoitzaren gogoa, desioa edo joera sexuala. Hori ez dago, beraz, eztabaidan. Beraz, Bernedoko hezitzaile taldeak bere adierazpenean salatzen duen transfobiatik eta beste edozein fobia edo filiatik ezin urrutiago gaude, eta edozein difamaziok, gorroto mezuk edo gezurrek ez dute tokirik.
Horregatik hain zuzen, Bernedon benetan zer gertatu den ahalik eta lasterren argitzea ezinbestekoa da, eta dakigunez, horretarako ezinbesteko ziren pausoak ez dira eman bere momentuan. Orain, komunikabide jakin batzuek kontua astindu dute eta oso gertakari larrien susmo hau zabaldu egin da, baina ez du ematen erakundeek gertaturikoa ikertzea zenik lehen hautua. Bestela izan bada, hobe.
Kontu horiek aspalditik jarraitzen ditugunontzat, ez da hainbesteko harridurarik, jakin badakigulako hainbat eta hainbat kasu izaten ari direla oso eremu ezberdinetan: eskolan, institutuan, komunikabide publiko zein pribatuetan, gizarte kolektiboetan, eta abar. Bernedo ume eta gaztetxoekin egiten ari garenaren beste adibide tamalgarri bat izango litzateke, jakina, eta ezagutzera eman den bezala bada, oso larria gainera.
Transfeminismotik ari omen dira Bernedoko hezitzaileok. Transbollerismotik ere bai, ematen du, edo «marikonizaziotik», baten baten esanetan.
Proposamen politikoa omen da haiena (haien ustetan); beraz, etikoa. Ez dira gauza bera, ordea.
Argi daukagu politikoa dela, haurrengan, gazteengan zein gizarte osoan eragin larriena bilatzen duelako. Politikoa eta suntsitzailea da, beraz.
Etikoa inola ere ez, ordea. Hitz egin duten guztien aldetik entzuten eta irakurtzen ari garenak (hezitzaileak barne) bestelakorik pentsatzera garamatza.
Gutxiengo sexualen askapena eta eskubideak koartada bezala hartu dituzte, horrekin guztiarekin zerikusirik ez duten doktrinamendu programak, ekintzak eta politikak inposatzeko: ikastetxeetan, telebistetan, festetan, kanpamentuetan...
Horren guztiaren ezagutza dugunok ez gara harrituko Bernedoko horri buruzko oso susmo larriak konfirmatuko balira, oso ondo dakigulako hainbat eta hainbat kasu onartezin gertatzen ari dela inguruan, hitz egiteko orduan izugarrizko beldurra dagoen arren. Badago gai batzuen inguruan halako omertá bat euskal gizartean. Erakundeetan, komunikabideetan, kolektiboetan, zeharo modu ezberdinean tratatzen dira segun eta zein gertakari edo eraso, eta eraso bezala ez ikusteraino heldu sarriegi.
Guztiz susmagarria da egin diren salaketei dirudienez eman zaien tratua. Larria da hitz egiteko dagoen beldurra. Larria da salaketa hauen aurrean batzuek hartzen duten jarrera, justifikaezina justifikatuz eta salatariak salatuz.
Haurren eta gazteen zaintza ezin da geratu doktrinarioen esku. Ez lege zaharreko doktrinarioen eta ez postmodernitatearen ikur diren doktrinario berrien esku.
Gai horien guztien kudeaketak jakintza, begirunea eta zentzua eskatzen ditu. Gaur egun horren guztiaren ardura hartu dutenek ez dituzten osagaiak denak ere, dirudienez.
Osagaiak sustraitik aldatu beharra dago. Sukaldariak aldatu beharra. Edo agian sukaldea bera itxi beharra, osasun publikoko arazoengatik. Kiratsa dario. Usain txarra dario Euskal Herriari gai hauetan ere.