ZUZENDARIARI

Berriz ere erlijio irakasleekin bueltaka!

M. Jose Molina.
Laikotasuna kolektiboa.
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bada denboralditxo bat uste genuela ezerk ez gintuela asaldatuko, baina lur eta zur geratu gara albistea irakurri dugunean: Hezkuntza Sailak hainbat gaitan ordezkapenak egiteko zerrendak zabaldu ditu, eta harritu egin gaitu zabaldutako zerrendetako bat erlijiokoa dela irakurtzeak.

Langabezian dauden gure lizentziadunek, zenbait baldintza betetzen badituzte eta beste hainbat merezimendu aurkezten badituzte, ondo neurtutako zerrendetan izango dutela bere izena.

Zer behar da erlijioko irakaslea izateko? Missio Canonica. Eta zer prestakuntza behar da hori lortzeko? Sei hilabeteko ikastaroa eta apezpikuaren onespena; hau da, erlijioko irakasleak gotzain jaunak aukeratzen ditu berak jakingo du nola, gainontzeko gajo bekatariek egin eta bete behar ditugun baldintzetatik at. Berriro ere gogoratu nahi dugu guztiok ordaintzen ditugun zergekin ordaintzen dietela, denok jartzen dugu gure obolotxoa erlijio jakin batean orduan eta urriago den ikasle kopurua doktrinatzeko.

Eta ez da hori dena. Hezkuntza Sailak ez ditu datuak eman nahi —bide batez salatu nahi dugu ez gaituela guztiok berdin tratatzen zeren beste guztion datuak publikoak baitira—, baina badakigu aurten, azkeneko urteetan lez, erlijioko irakasleek ez dituztela ordutegi beteak izateko behar adina ikasle, eta beraz beste gaietako orduekin osatzen zaizkiela ordutegiak, gai horietako zerrendako irakasleek emango lituzketen orduekin. Ezagutzen ditugu astean ordubete erlijioa eta hemezortzi ordu historia (plaza osoa) ematen dutenak, edo bi ordu erlijioa, hiru psikologia eta gainontzekoa zuzendaritzan…

Hala eta guztiz zerrendak zabaltzen dira erlijioko irakasleentzat, zer irakasteko baina? Urtez urte ikusten dugu erlijio ikasleak orduan eta bakanagoak direla… Zertarako behar ditugu irakasle gehiago, ditugunak ordutegi osoa ezin izan eta beste gaietako orduak lapurtzen ari dira eta? Areago, erlijioko irakasle izateko izena ematen duen orori berehala jarriko diote izena lizentzia duen gaian, nahiz eta gai bereko beste lizentziadunentzat «zerrendak itxita» egon.

Hezkuntza Sailaren lotsagabekeria larria da. Esaten digute arazoa Madrilen dagoela, konkordatua dela eta. Baina erlijioko irakasleria eskualdatutako gaia da. Jaurlaritzak erabakitzen ditu irakasle horien lan baldintzak eta zerrenda zabaltzea...

Hezkuntza Sailari gai honetan gardentasun osoa eskatzen diogu, mahai gainean eta agerian jar ditzala erlijioko irakasleei buruzko datuak: zenbat dira, zenbat ordu ematen dituzte bere gaiarenak, zenbat besteenak… Eta erlijioa irakasteko kontratatukoek erlijioa irakats dezatela soilik eta bakean utzi beste gaiak eta eskolako bestelako lanak.

Egunotan ikasleria mugitu da LOMCEren aurka. Kaleetan entzun dugu «eskola laikoa, erlijioa eskolatik at». Antza denez Hezkuntza Sailak ez du ezer ikusten, ez du ezer entzuten, Munilla jaunaren ildoak izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.