ZUZENDARIARI

Beste behin, noiz arte?

2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Duela bi aste, zoritxarrez ohikoak diren albisteak jaso genituen. Berriz ere, Marokoko segurtasun indarrek bortizkeriaz eraso zioten saharar ekintzaile bati eta bere familiari Mendebaldeko Sahara okupatuan. Beste behin, bi ekintzaile atxilotu zituzten arrazoirik eman gabe, familiek bi egunetan zehar euren berririk izan gabe. Azkenean, espetxeratu zituzten epaituak izan arte, droga izatearen delitu bat egotzita. Hamaikagarrenez, preso politiko saharar batek espetxeratze baldintzak gaitzetsi zituen 30 egun baino gehiago dirauen gose greba bat hasiz.

Sobera ezagunak ditugu biztanle sahararrek okupazio pean jasaten dituzten bortizkeria, jazarpena eta eskubideen urraketak. Baina jakite horrek ez du ekiditen kolpe berri bakoitzak, zigor bidegabe eta arbitrario bakoitzak gu ere mintzea, urrutitik bada ere. Izan ere, bere lurraldeagatik, bere erabakitze eskubideagatik eta bere etorkizunagatik borrokatzen duen herri hau isilarazteko saiakera berri bakoitzak gu ere mindu eta samindu beharko gintuzke. Eskubideez ari garelako eta eskubideak baitira pertsona guztiok dugun ezaugarri komuna. Edo izan behar genukeena.

Noiz arte luzatuko da bidegabekeria hau? Noiz arte salatu beharko ditugu Mendebaldeko Saharako okupazioa, bere baliabide naturalen espoliazioa, bere biztanleriaren eskubideen urraketak, nazioarteko komunitatearen konplizitatea, Espainiako Gobernuaren ardurarik eza? Noiz arte izango da Saharar Errepublika Demokratikoa erbestean garatu den estatu bat?

Izan ere, duela 45 urte sahararrek euren autodeterminazio eskubidearen adierazle nagusia sortu zuten: saharar estatua, saharar errepublika. Urte hauetan guztietan zehar erresistentziarako pieza garrantzitsua izan da SEAD, bereziki errefuxiatuen kanpamentuetan eta nazioarte mailan. Eta baita sahararrek autodeterminazio eskubide zilegizkoari uko egingo ez diotenaren oroigarri bat ere, gatazkaren aurrean beste alde batera begiratzen dutenentzat.

Tiro hotsen oihartzunak arazoa konpontzeko bidean zer edo zer mugiaraziko duen zain gauden bitartean, SEADen urteurren berri bat ospatzen dugu. Erbestean, beste behin. Gerran, beste behin. Eskubideen urraketen berriekin, berriz ere.

Nazioarteko erantzunik gabe, beste behin. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.