Bota pikura

2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Heriotzak badu aipaldi egun hauetan. Norbait laguntzen ahal ote da bere buruaz beste egiten? Orain arte, norbait ikusten zelarik bere buruaz beste egin nahian, hala nola soka eskuan, sabairat igaten, denek laguntzen zuten jestu hori ez egiten. Moda berriarekin, lepotik soka ematen lagundu beharko genuke?

Beste eztabada: eutanasia. Norbaiti hilen duen pikura egiten ahal zaio bere sufrikarioak kentzeko?

Behin, familia batean, ottoren ehorzketetarik landa kondatu zidaten nola, bakarretan errana zuen: «Ene aldia etorriko delarik, bota pikura!». Jin baitzen delako aldi hura. Denek ikusten zuten, berak lehen-lehenik. Denak beha zeuden noiz eskatuko zuen pikura. Ez baitzuen sekula eskatu! 

Heriotza urrunerat ikusten duzularik eta han duzularik, ate aitzinean, ez baita begi berekin ikusten! Zenbaitek baitiote paper batean aitzinetik idatzi behar dela bere nahia, nahia aldatzen ahal baita idazten duzun eguna eta azken egun haren artean!

Istripu baten ondorioz zernahi pairatzen zuen gazte batek oihuka eskatzen zuen delako pikura. Ez diote egin. Sendatu eta (sendatu baitzen!) jakin ezazue eskerrak eman zizkiola amari, hark eskatua ez eginik!

Ezagutu dut 25 urtetan, ihizi istripu baten ondorioz itsu gelditu zen gizona. Ehun urteak bete zituen. Urtebetetze horren karietara galdetu nion: «Ezagutu duk bista ona huen biziko lehen partea? 75 urte bizi izan dituk gero, ilunpean, deuserako ez on. Berriz haste balitz eta hautua bahu, zer nahiago huke? Eraman duan bizi hori, itsu, ala itsutu hintzenean hiltzea?». Duda izpirik gabe erran zidan: «Bizitzea bai. Ongi lagundua izan nauk gero ene bizi guzian!».

Eta oroitu nintzen 65 urteak arte erizain izan andere batek erran zidana. «Artatzen nituen xaharretan ikusi ditut batzuk, ingurukoek ongi lagunduak, maitatuak. Horrelakoek ez zuten hiltzerik aipatzen. Beste batzuei, aldiz, ongi sendiarazten zieten, beren aldia egina zutela. Erraten ez ziotena, baina funtsezko arrazoia zen, zahar etxean dirua eman behar zutela; bere etxean bizi bazen, aldiz, lan bat gehiago zela familiarentzat. Kargu bat gehiago. Holakoek bai erraten zuten hiltzeko adinean zirela. Hauek zioten Jainkoari eskatzen, bila etorri behar zuela. Nork du heriotza nahi, eriak ala bere ingurkoek?

Alzheimerrak joak eta beste zenbat ez dira soberakin gure gizartean? Berentzat, zer balio du horrelako biziak? Zenbat ez dira gostatzen! Beraz bota pikura denei? Gure gizarteari ez zaizkio deus gostako gero. Eta nola dirua beti zuhur den...

Belgikan eutanasia haizu da. Xahar batzuk Alemaniarat joaten dira beren azken urteetarako, Belgikan delako pikura eginen diotelako beldurrez. Alemanian, aldiz, ez.

Legea onartua bada, nork eginen du pikura? Norbaiti gaixotasuna kentzen dion pikura edo heriotza ematen diona, ez baita arras gauza bera! Zuk, zeure amari egingo zenioke delako pikura, zure pikuraren ondorioa heriotza izan dela dakizularik? Ez zaizu dudaño bat sortuko, ordu arte alde bazinen ere?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.