Barakaldo

Coca-cola, kafea eta olagarroa

Mikel Fernandez Minguez
2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Coca-Colak Israelgo estatu genozidarekin duen harremana argia da: frankizia bat eraiki zuen lur okupatuetan, hain zuzen ere Ataroten. Nirekin bat etorriko zara, beraz, esaten dudanean horrek agerian uzten duela marka estatubatuarrak okupazioa zuritu eta horri esker mozkinak irabazten dituela; jarduera horren kontra hainbat kanpaina jarri dira martxan enpresa estatubatuarrari boikot egiteko. Protesta horien fruituak jasotzen ari dira, eta, komunikabideek esan bezala, Coca-Colaren salmentek behera egin dute. Starbucksek, halaber, bere irabazien bidez zeharkako sostengua ematen dio; izan ere, horiek berriro inbertitzen ditu Israelgo armadarentzako armak ekoizteko. Lehenengo adibidean bezala, Starbucksen kontrako kanpaina abian jarri zen 2023an, eta, zorionez, arrakastatsua izan da, galerei erreparatuz gero: orotara, laurehun establezimendu itxi behar izan ditu Starbucksek.

Ez daukat dudarik bi adibide horietaz jakinaren gainean zaudela; nolanahi ere, zuk jakitea nahi dut badaudela bestelako adibideak, zeinek zuritu eta hauspotzen baitituzte komunikabideen lerroburuetan azaltzen ez diren bigarren mailako beste okupazio batzuk; adibidez, Mendebaldeko Saharakoa. Badira 50 urte Marokoko estatu genozidak Mendebaldeko Saharako okupazioa gauzatu zuela; horren ondorioz, marokoarrek gaur egun Saharako baliabide naturalak lapurtu eta ustiatzen dituzte, besteak beste, arrantzaren bidez. Adibide bat jartzearren: zuk jaten dituzun olagarroen %3 besterik ez dator Galiziatik. Hau da, eskaera hain handia da, ezen Galiziak ez baitu produktu hori hornitzerik; hori dela eta, Mendebaldeko Saharako olagarrora jotzen dute, baina argi gera dadila: olagarro horren erauzketak estatu genozida baten jarduera zuritzen du.

Horiek horrela, barregarria, penagarria eta deigarria iruditzen zait ikustea nola Coca-Cola edota Starbucksen kontrako boikotak egiten dituzten batzuk mauka-mauka jaten duten olagarroa; gainera, zapi palestinarra jantzita. Genozidak kanpora eta okupaziorik ez, inon! Gora herriak, baina guztiak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA