Kazetaria

Curriculuma eta ‘ghosting’-a

Iker Mojon
2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Curriculumak, emailak, elkarrizketak... Hainbat elementuk osatzen dute lan bila egotearen prozesua, bakoitza aurrekoa baino nekagarriagoa. Sei hilabete daramatzat esplotatuko nauen toki berri bat bilatzen, eta epe honen ondoren badaukat eskubidea esateko kokoteraino nagoela.

Zerbitzari, idazkari, bezeroenganako arreta zerbitzuko langile eta —noski— kazetari izateko lan eskaintzetara aurkeztu naiz. Ezezkoa jaso dut gutxi batzuetan eta erantzunik ez gehienetan. 17 urteko Ikerrekin hitz egiteko aukera izango banu, esango nioke ligatzeko ghosting-abaino nazkagarriagoa dela lan arloan egiten dena.

«Txika, ez izan hain katastrofista, ez zara lan bila dagoen lehen gizakia», hori pentsatuko duzue askok. Ados nago zuekin, baina, tira, uste dut bi gradu eta master bat izanda, bi hizkuntza menperatuta eta beste bi ezagututa, amorrua sentitzea zilegi dela. Gainera, egoera berean daude hainbat gazte. Nire belaunaldiak jarraitu du egin beharrekoa: asko ikasi eta geure burua prestatu etorkizun oparoa izateko. Baina emaitza ez da izan espero zena, errezeta hori gezurra baino ez baita.

Ez dut ezer berririk esango —ez baita idatzi honen helburua—, baina, spoiler, meritokraziak ez du ezertarako balio. Halere, ezinegona sortzea lortzen du: «Hainbeste ikasi eta gero zergatik ez dut ezer lortzen? Ikasitakoa ez da izan nahikoa? Ez naiz behar bezain ona?». Irakatsi digute esfortzuarekin dena lor daitekeela, eta helduarora heltzen garenean ikasten da ez dela horrela. Behin baino gehiagotan defendatu dut nik dirua, jaiotze-lekua edota familia direla arrakasta baldintzatzen duten faktoreak, eta helburuak ez lortzeagatik bakoitzak bere burua zigortzeak ez duela inongo zentzurik; baina, bizi behar denean, zaila egiten da hori ulertzea, betidanik meritokraziaren marketina sartu baitigute burmuinean, eta geure buruarekin zorrotzagoak baikara. Agian, geure buruari eskatzen dioguna enpresei eta sistemari eskatu beharko genieke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.