Donostia

Donostiako danborrada eta berdintasuna

EƱaut Urrestaratzu Ramos
2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Berrogei urte luze baino gehiago joan dira Kresala elkarteak danborradan emakumeek urketari bezala parte hartzeko eman zuen pauso ausart horretatik. Bi urteren ondoren emakumeek danborra jotzeko aukera izan zuten Eskaut Gia danborradan.

Urteotan hamarnaka danborrada berdinzale sortu dira hiri osoan zehar. Zeinetan emakumeak ikus ditzakegun kupela edo danborra jotzen edota aginte makila astintzen ere. Zoritxarrez, zenbait danborrada baztertzaile sortu eta mantendu ere egin dira.

Ia hogei urte igaro dira Gaztelubidek eta Union Artesanak, legeak behartuta, urketariak gehitu zituztela. Bi danborrada horiek bereziki garrantzitsuak dira bandera igoera eta jaitsiera ofizialetan parte hartzen dutelako.

Duela hamabi urte, Gaztelubidek urketari nagusiaren irudia sortu zuen bere danborradan. Oraindik plazan koxka bat beherago mantentzen duena.

Aipatutako guztiak berdintasunera garamatzaten aurrerapausoak izan dira. Borondatezkoak ala ez, baina pausoak. Badira hamabi urte banderaren igoeran eta jaitsiera ofizialean aldaketarik ez dela. Egungo egoera ondorengo hau da: emakumeek ezin dute bi danborrada hauetan danborra jo (ezta beste zenbaitetan ere). Danbor nagusia izateari buruz, zer esan!

Ez dezagun ahaztu zein den helmuga. Helmuga hiritar orok festan edozein modutan parte hartzeko eskubidea bermatuko duen San Sebastian jaia izatea da. Ondorioz, oraindik bidean gaude, eta iristeko beharrezkoak ditugu aurrerapauso gehiago.

Argi dago helmuga gertuago dugula orain duela 50 urte baino. Baina pauso gehiago eman ezean ez dugu inoiz berdintasuna lortuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.