Donostia

Donostian lapurtutako auto bati buruzko gorabeherak

2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

2023ko abuztuaren 31n, Donostiako Ategorrieta auzoan, autoa lapurtu ziguten. Kalean genuen aparkatuta, etxe azpian bertan. Udaltzaingoan salaketa jarri eta handik hiru astera, komunikatu ziguten autoa lapurtu zuten gau berean Irungo autopistatik atera zirela. Argazkian bi itzal lauso ikusten ziren. Orduan, gure lagun batek Hendaiako jendarmeriara deitu zuen esanez zantzu asko genituela auto lapurtua Iparraldean egon zitekeela. Artatu zuen poliziak nahiko zakar erantzun zion lasai egoteko, salaketa jarria genuenez, Europako edozein tokitan agertuz gero, jakinaraziko zitzaigula.

Bi hilabete pasatu ondoren, Lagun Aro aseguruarekin tramiteak egin genituen zegokigun estaldura kobratu ahal izateko, eta azaroan auto berria erosi genuen. Beraz, auto lapurtua jadanik Lagun Arorena zen.

2024ko urtarrilaren bukaeran, aseguru beretik deitu zidaten esanez auto lapurtua Donibane Lohizunen zegoela, auto biltegi batean, eta urriaren hasieratik hantxe omen zegoela. Harrituta geratu nintzen. Aseguruko langileari galdetu nion ea nola enteratu ziren, normalena poliziak niri abisatzea zelako. Garabi zerbitzu baten bidez jakin ahal izan omen zuten autoa Mendes Crosa izeneko «garaje» (?) batean zegoela, Donibane Lohizunen.

2024ko otsailean, Lagun Arok ia-ia 2.000 euro ordaindu behar izan dio hango auto biltegiari, autoa berreskuratzeko.

Orain arte, zain egon naiz jakiteko ea zergatik ez zidaten abisatu autoa hantxe zegoela 2023ko urriaren hasieratik aurrera. Lagun Arotik jaso dudan erantzuna: inork ez daki ezertxo ere. Jendarmeriak zergatik ez zidan abisatu?

Idatzi honen helburu nagusia da honelako gertaera tamalgarriak berriro ez gertatzea. Hori dela eta, Hegoaldeko eta Iparraldeko hainbat komunikabidetan plazaratu nahi dugu gure haserrea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.