Medikuntzako ikaslea naiz EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean, eta laugarren ikasturtea hastear nago. Garrantzitsua da jakitea ni Sondikakoa naizela eta Basurtu edo Gurutzetako ospitaleak etxetik hurbil dauzkadala.
Joan den uztailaren 24an, goizeko 11:10ean, automatrikula online egiteko hitzordua neukan. Nire etxeko ordenagailutik egiten saiatu nintzen, eta nirekin zerikusirik ez duen arazo informatiko batengatik ezin izan nintzen ordu horretan matrikulatu. Azkenean, ordu erdi saiatzen ibili ostean eta telefonozko arreta zerbitzura behin eta berriro deitzen ibili ostean, lortu nuen matrikula egitea, baina ordurako ez zegoen plazarik Bizkaiko ospitaleetan. Ondorioz, Donostiako Ospitale Unibersitarioan amaitu behar dut gradu osoa.
Ez naiz arazo hau jasaten ari den bakarra; izan ere, nire klasekide batzuei ere berdin gertatu zaie. Egia esan, ez dakit zehatz-mehatz zergatik gertatu den —Gurutzetan azken urteetan ez da arazorik egon plaza izateko—, baina kontuan izanda gradua hasi genuen urtean (2011) beste autonomia erkidegoetatik normalean baino askoz ikasle gehiago sartu zirela, pentsatzekoa da haiek kendu dizkigutela guri plazak —beren herrialdera espediente lekualdaketa eskatu beharrean, gurean gelditu nahi dutelako ikasten—.
Honekin guztiarekin, hurrengoa ondorioztatu nahi dut. Ez dut bidezkoa ikusten euskalduna izanda, eta betidanik euskaraz ikasita, Espainiatik datorren medikuntzako ikasle baten eskubide berak izatea ikasteko ospitalea aukeratzeko orduan.
Suposatzen da euskal kultura bultzatu nahi dela, baina honelako kontuekin, bultzatu beharrean, atzeratu egingo da —Bizkaiko eta Arabako ospitaleetan ikasleei erdaraz baino ez zaie entzungo—.
Nahiz eta ezinezkoa izan, konponbide bakarra aurkitzen diot honi: hirugarren mailatik aurrera Euskal Herrikoa ez den ikasleak beren autonomia erkidegora espediente lekualdaketa egitera behartu. Honela, hemengoak garenok ez genuke arazorik izango etxetik hurbilen dugun ospitalea aukeratzeko.
Aurten konpondu ezin bada, gutxienez hurrengo urteetan justizia egin dadila. Niri jada bizitzako hurrengo hiru urteak guztiz aldatu dizkidate, besteak beste, nire familiarentzat ekonomikoki gastu oso handia izango delako.
ZUZENDARIARI
EHU eta medikuntza ikasketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu