Hilaren 28an joan zitzaigun Imanol Antza anaia, bikotekidea, aita eta laguna. Haren azken borondatea elizkizuna Groseko San Inazio elizan eta euskara hutsean egitea izan zen. Horretan saiatu ginen hurrengo egunean familiako kide eta lagun batzuk.
Elizkizuna hilaren 30ean egiteko aukera eskaini ziguten; hori bai, ezin euskara hutsean izan. Erantzuna zera izan zen, San Inazio bezperan haren oroimenez urtero ospatzen den meza zela Imanolen elizkizunari zegokiona, eta elizak ezin duela urratu bertara urtero agertzen diren espainolezko elebakarren eskubidea, elizak ezin zuela erabateko euskarazko meza ospatu.
Guk ez genuela egun eta ordu hori aukeratu, eta, Imanolen azken borondatea behin eta berriz azalduta ere, gizartea elebiduna dela eta elizak horren arabera jokatzen duela; horixe izan zen jasotako erantzun errepikatua. Herri honetan elebidun bakarrak euskaraz dakigunok garela adierazi genion ondoren, meza euskaraz entzuteko oztopoak jar ditzaketenak elebakar espainolak direla. Hori onartu arren, meza horretan hildakoaren azken borondatea errespetatzea salbuespen bat izango zela esan zigun, eta salbuespenek ate arriskutsu bat irekitzen dutela.
Galdegin genion ea euskara ulertu ez edo jasan ezin dutenen eskubideari hildakoaren azken borondateari —haren elizkizuna euskara hutsean izatea Euskal Herrian— baino lehentasun handiagoa eskaintzen zion. Erantzuna, berdina, guztien eskubideak errespetatu behar dituela elizak.
Txikitan andereño Elbira Zipitriaren ikastola klandestinotik pasatakoak gara Imanolen anai-arrebak; 60 urte igaro dira eta ez dugu lortu San Inazio elizan joan zaigunaren aldeko elizkizuna euskara hutsean egitea. Hori da salatu nahi duguna. Gure aita zenaren elizkizuna euskara hutsean egitea lortu genuen 2001ean eliza horretan, eta iaz joan zitzaigun Jon anaiarena ere bai. Atzeraka goaz?
Zorionez, beste aukera bat ere adierazi zigun joan berri zaigunak: elizkizuna San Pedroko elizan egitea. Horretan saiatu, eta bertan bai, lortu dugu euskara hutsean egitea. Eskerrak, beraz, eliza horretako arduradunari.
Idatzi hau honako hauek ere sinatzen dute: Idoia, Iñigo, Jon, Itziar, Joana, Amaia, Ruth eta Maddi Antza, Arantza Etxeberria, Olatz, Iñaki, Teo eta Maialen Alberro, Koro Zabalza, Mari Karmen Alba, Ainara eta Maialen Urdapilleta, Miren eta Ane Urbieta, Aitor Irigoien, Xabi Terrones, Ximun Irigoien, Peio Alfaro, Xabier Muñoz, , Joxeba Urbieta, Imanol Lizeaga, Sofia Arostegi, Idoia Arancibia eta Elbira Zipitriarekin ikasitako hainbat eta hainbat.