Aspaldi honetan bada argumentu pribatu bat bolo-bolo dabilena euskal sozialdemokraziaren ahotan. Faxismoaren probokazioei beste aldera begiratuta erantzuten zaiela dioena. Pribatua dela diot argudio horren atzean sozialdemokraziaren interes alderdikoiak ezkutatzen direlako. Hala nola ordenako alderdia direla eta bakezaletasuna erakusteko beharrak bultzatzen ditu horrelakoak esatera. Horrelakoak entzun ditugu Vox gure auzo eta herrietara etorri den bakoitzean, eta Gasteizko EH Bilduk gauza bera esan zuen urriaren 12an.
Argi dago Espainiako faxistek probokatzea bilatzen dutela eta antifaxistekin konfrontazioa propaganda egiteko erabiltzen dutela euren oinarri sozialaren artean. Baina zer gertatzen da beste alde batera begiratzen badugu, faxismoari aurre egitea eurek nahi dutena dela dioen premisa aplikatuz gero? Mezu eta propanda faxistak aukera legitimo bezala normalizatzen direla kaleetan, faxistek inpunitatea eta konfiantza irabazten dutela. Faxismoa banalizatu egiten dela.
Espainiako faxismoa ez ezik, euskal nazioalismoaren baitako faxismo berri baten presentzia geroz eta errealagoa da. Kaleak hartzen utzi behar diegu? Beraien gorroto mezuak normalizatu behar dira? Alderdi burgesentzat honakoa bigarren mailako kezka bat da, soilik beraien boz estimazioak moldatuz gero larrituko lituzkeena. Komunistontzat, ordea, hil ala biziko auzia da honakoa.
Faxismoari aurre egitea lehen mailako eginbeharra da haren aurka gauden guztientzat, izan etorkin, emakume, LGTB, antikapitalista zein oro har langile klase osoarentzat. Borroka horretan bat egin behar dugu.