Iñaki Alberdi Elgarrestaren familia

Eskerrik asko bizitzaren azken fasea goxatzeagatik

Lourdes Rodriguez Ibañez
2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zein zaila egiten den hitz egokiak topatzea emozioak pil-pilean daudenean; baina, kasu honetan, bi hitzek laburbildu dezakete guztia: eskerrik asko!

Idatzi honen bidez jaso gure esker ona, egin duzuen lanagatik, eta erakutsitako profesionaltasunagatik: Zumarragako Ospitaleko langileek, batez ere barne medikuntzakoek, zainketa aringarrietakoek eta etxeko ospitalizaziokoek; esker ona baita Zumarragako Ospitaleko, Zumarragako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetako teknikariei, Donostia Ospitaleko organo transplante unitateari, ZIUko langileei eta Osakidetzako psikologoei ere. Mila esker, halaber, zendu berri den aitarekin kontaktua izan duzuen beste profesional guztioi ere.

Banan-banan eskertutakoa argitaratu nahi izan dugu, zuen lana goraipatzeko, zuen zerbitzuak behar dituzten baliabideak bermatzearen aldeko aldarria zabaltzeko, eta etorkizunean zuen lana sendotzearen aldeko animoak emateko. Gustatuko litzaiguke guk jasotakoa behar dutenek jasotzen jarraitzea.

Heriotzara bideratzen duen gaitza goxatzea ez da erraza, ez gaixoarentzat, ezta ingurukoentzat ere. Baina lortu duzue gordintasunean argi izpiak ematea eta guretzako itsasargi izatea. Lortu duzue aitaren prozesua bere nahien arabera garatzea. Lortu duzue inguruan egon garenoi beharrezko baliabideak ematea. Azken finean, lortu duzue heriotzari duintasuna ematea.

Ospitalean oso ondo zaindua egon da gure aita, eta gu ere bai. Baina azken prozesua etxean bizitzeko aukerak ez dauka preziorik. Bedeinkazio gisa jaso genuen zaintza aringarrietan sartzeko pausoa, eta, ondoren, etxeko ospitalizazioaz baliatzeko aukera.

Aitak gertukoen epeltasunean bizi nahi zuen geratzen zitzaion bizitza apurra. Nahien artean ere bazegoen medikazioa ahalik eta urrunen mantentzearena. Bukaera arte kontziente izan nahi zuen, kordea bere horretan mantendu. Bizitzaren muturreraino bizi nahi izan zuen berak. Eta halaxe egiteko aukera izan zuen, zuek guztiok horretarako aukera eman zeniotelako. Nahiak nahi, organo emaile izateko erabakiari ere tinko eutsi zion. Organo-emaileen unitateko koordinatzaileak eta ZIUko langileak bikain aritu zineten zeregin horretan.

Aipaturiko guztiagatik, mila esker denoi! Aita harro dago zuetaz guztioz, eta gu ere bai.

Bejondeizuela, eta jarraitu gaixoen eta ingurukoen prozesuak argitzen, arintzen eta goxatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.