Zuzendariari
Etxauriko Udaleko Euskararen Ordenantza: ia akatsik gabeko eredua
Administrazioan Euskaraz taldeak Etxauriko Udala zoriondu nahi du, Euskararen Ordenantza onartu duelako, eremu mistoan euskararen aldeko sentsibilitatea duten udaletan ohikoa den eredua erabilita.Ordenantzak euskararen sustapena bultzatzen du, elebitasuna bultzatzen du eta hizkuntz eskubideen aldeko joera dauka. Beraz, balorazio positiboa merezi du. Bere garrantzia badu, filosofia bat zabaltzen duen heinean, beste udaletarako bide erakusle bihurtzen delako.
Eremu mistoan erabiltzen den eredu honek baditu puntu gatazkatsuak, udal zenbaitetan aldaketak eragin dituztenak.
Etxauriko Udalak ongi konpondu ditu zeharkako kudeaketaren kasuak. Zerbitzu publikoak emateko enpresak kontratatzen baditu, bai euskaraz bai gaztelaniaz mintzatzeko erabiltzaileen eskubidea bermatzeko irizpideak ezarriko direla zehazten du.
Udal txikia denez gero, Euskararen Ordenantzan bertan eranskina sartu du lanpostuen hizkuntz eskakizunak zehazteko. Urrats hori egitea zenbat kostatzen den jakinik, ongi baloratzeko modukoa da, nahiz eta beste udal askotan baino askoz errazagoa eduki (6 lanpostu ditu, besterik ez).
Euskaraz jakitea beharrezkoa ez duten lanpostuetan meritu moduan baloratuko dela ezartzen du, baina portzentajea zehaztu gabe. Hor eredugarri ez da izan Etxauriko Udala. Horrelako egoera lanpostu bakar batean gertatzen zaion arren, tamalez, puntu horretan eredu ez gomendagarria bihurtu da beste Udaletako hurrengo Ordenantzetarako.
Espero dezagun eremu mistoko Udal guztietan Euskararen Ordenantzak onartzea, atal eztabaidatuenak euskararen eta euskaldunon alde konponduta.
Josu Astrain Unanua. Administrazioan Euskaraz taldeko kidea (Iruñea).
Joxe Arregirekiko elkartasuna
Nire uste apalean, gotzainen aukeraketa Vatikanoaren politikan oinarrituta dago. Han zein helburu, hemen halako aburu.Alegia, aukeratzen dute haien esanetara prest egongo den apezpikua. Hau da, Erromako Eliza katolikoak agintzen duen guztiari men egiteko hitza ematen duena. Gaur egun dagoen bezalaxe jarrai dezan kristautasunak.
Beraz, horren aurka ateratzen den edonor oso gaizki ikusia dago Eliza barruan. Zer esanik ez, berau apaiza edo fraidea baldin bada.
Joxe Arregi frantziskotarrak, Gipuzkoako gotzain berriarekin hainbat sesio izan ondoren, bere burua nolabait baztertua ikusi omen du bere kongregazioan. Euskal Herritik kanpora bidaltzeko asmoz ere egon omen dira Elizako goi karguak.
Horrexegatik, hain zuzen ere, utzi omen dio frantziskotarra izateari. Betiko.
Eukeni Santamaria. Orio.
Herritarrak noiz
Abuztuaren bukaeran bukatu zen epea, Hondakinen Lege berriaren zirriborroari alegazioak jartzeko. Lege berri hori 2010ean onartu beharra dago, Europako Batasunak hala agintzen baitu, eta 1998ko Legea ordezkatuko du. Horrez gain, abuztu bukaeran jardunaldi batzuk bukatu ziren, herritarren parte-hartzeari eta politika berriei buruzkoak.Bi albisteak data berean azaldu dira, eta horren eraginez PIGRUG berri bat jaioko da, gizarteak babestua, eta ez soilik instituzioek. Bestalde, diputatu nagusiak agindu dituen praktika politiko berriek ez dute berritik ezer izango, autoritatea egia bihurtzen jarraitzen badute, eta ez, egia autoritate.
PIGRUG hobe bat aurkeztea ez da nahikoa, zenbat hobetu daitekeen eztabaidatzen ez bada. Legedi berri hori oinarri hartuta egin beharko du PIGRUG berria Diputazioak.
Plan berriak lehentasun hauek behar ditu, Europako Batasunak jartzen dituenak: 1. Zaborra gutxitu; 2. Berrerabili; 3. Birziklatu eta konpostatu; 4. Erraustu; 5. Zabortegira bota.
2002. urtean idatzi zen PIGRUG zaharra, ingurumen alarma txikiagoa zen garaian, eta 4. puntuari eman zitzaion lehentasuna, aurreko hiru puntuen gainetik, elkarren artean bateraezin egiteraino; baso bat aprobetxatzeko su ematea bezala da hori.
Lehentasun hori jartzeak erabat gelditzen du zaborra gutxitu eta bereiztearen aldeko politika bat egitea; erabat gelditzen du energia aurrezteko eta lehengaiak aurrezteko politika bat egitea; edo lanpostuak sortzeko politika bat... gaur hain beharrezko duguna.
Joerg Lacher aditu alemanak dioenez, «mundu honetako lehengaiak muga bat dute, ez dira infinituak». Hark dio gure lehentasuna dela materia aprobetxatzea: «urrea da!»... urrea, eta pedagogia.
Gizarte elkarteek eta erakundeek egindako alegazioek gauza bat lehenesten dute: legedi komunitario bat beharrezko dela gaur eguneko gardentasun faltari aurre egiteko, datu eskasiari eta nahasketari aurre egiteko. Adibidez, pneumatikoak erregai bihurtzeari ezin zaio birziklatzea deitu. Birziklatzeko, produktu bat lehengai bihurtu behar da, berriz produktu bera ateratzeko. Hori argituta, foru agintariek berriz esan behar al digute, Gipuzkoako birziklatze datuak Europako onentsuenak direla?
Carlos Ormazabal da autoritatea, eta jakizue PIGRUG honekin Europako azkenetan jarriko duela Gipuzkoa.
Julen Lizaso Aldalur. Hernani.