Zuzendariari

Euskal eliza indarkeriaren aurrean

Lontxo Oiarzabal. “Eutsi Berrituz—. Gipuzkoako kristau-taldea.
Donostia.
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Joan den abuztuaren 15ean, Andre Mariaren Jasokunde jaiegunean, Donostiako gotzainak Santa Maria basilikan egindako homiliaren bukaeran esan zituen hitzak direla eta, zenbait iruzkin edo komentario zabaldu da komunikabideetan. «Eutsi Berrituz» Gipuzkoako kristau-taldeak ezin du iruzkin horiekin bat egin, ez baitute behar bezala adierazten historian zehar Euskal Elizak izan duen jarrera. Frogarik erakutsi gabe, oro har diote bazela ordua Euskal Eliza biktimen alde egoteko, oraingoan Donostiako gotzainak bere homilian egin duen bezala.

Ez da inola ere egia Euskal Eliza biktimen alde egon ez dela; izan ere, hirurogeiko hamarkadaz geroztik, gotzainek argi eta garbi gaitzetsi dute indarkeria eta armak erabiltzea ideologia politikoa defenditzeko nahiz ezartzeko edota aurkaria suntsitzeko. Indarkeria eta haren ondorioak larrien ziren garaian Elizbarrutietan ateratako Buletin Ofizialak ikusi besterik ez dago.

Testu horietan ikusi ahal izango da aurreko gotzainek biktimekiko izan zuten jarrera eta egin zuten gogoeta, gogoeta sakona eta zabala, gatazkaren zertzelada zail eta nahasien testuingurua kontuan izanik. Gatazka horren alderdi eta ñabarduna ugariei buruzko bereizmen argia egin zuten gotzainek, bizikidetza baketsua zuzentasunean eta tolerantzian oinarritu nahirik, alderdikerietan erori gabe, eta betiere, jomugatzat adiskidetzea izanez.

Ozen esan nahi dugu, gotzainek, biktimez ahaztu ez, baizik eta biktima guztiak izan zituztela kontuan, era guztietako indarkeria terroristek eragindako biktimak, alegia; baita gainerako indarkeria eta errepresioen biktimak ere.

Biktima guztiak defendatzea, bizikidetza zuzena sustatzea eta ahal den adiskidetze iraunkorra bilatzea helburu duen gogoeta-bide honetan partaide eta lankide izan nahi du «Eutsi Berrituz» kristau-taldeak. Ohar labur honek egia historikoa era egokiagoan oroitarazi nahi du eta aditzera eman Gipuzkoako elkarte katolikoko kide garen kristauok era askotako analisiak egiten ditugula eta eginkizunak betetzen ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.