Leioako Udal Musika Eskolan gertatutakoa kontatzera nator. Orain dela 30 urte bertan ikasi genuenok nahiko argi geneukan (zoritxarrez) erdara hutsean izan beharko zela. Gainera, atzerritar prestigiodun asko zegoen eta haien komunikazio-hizkuntza erdara izan behar zela asumituta geneukan. Baina gaur egun? 7 urteko alabak jaso behar dituen musikako klaseak erdaraz izan behar? Ba bai, irakurleok. Zergatia? Postu horretarako aurkeztu direnek ez dutelako euskarazko profilik; ondorioz, erdaraz emango dira saioak. Zergatik ez dira bertan behera utzi orduan? Ez dituzte gure nahiak bete! Eskaintzen dizkiguten alternatibak ez dira onuragarriak guretzat. Orduan, non geratzen da gure eskubidea?
Gau osoa lo egin gabe pasatu ondoren, pare bat ondoriotara heldu naiz: gure gurasoek egindako borrokak ez du ia ezertarako balio. Gure garaiko ikasketak euskaraz izan zitezen ikastoletara bidali gintuzten asko, horrek zekarren esfortzu ekonomikoa aintzat hartuta. Unibertsitatera heldu ginenok ere borrokan jarraitu genuen gure ikasketa guztiak euskaraz izan zitezen. Eta orain? Atzerapausoa!
Euskarari dagokion garrantzia ez ematea izan da profilik garaiz ez ateratzea, eta orain, irakasle euskaldunak behar ditugunean, «horretan nabil, poliki-poliki. Pero no me veo capaz de dar clases en euskera, no domino la terminología y además, en castellano es más diverso». Ondorioz, zein da nire aukera ama bezala? Zergatik aukeratu behar dut euskaraz ikastearen edo musika ikastearen artean? Euskaldunok berriro galtzaile...