ZUZENDARIARI

Euskara, erasopean beste behin

2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hainbatetan legez, euskarak kolpe gogorra jaso du ezagunak dituen eragileen aldetik. CCOO sindikatuak helegitea jarri zion Barakaldoko Udalak 2021ean egindako lehiaketa publikoari, han ezartzen zen baldintzetako batean azpikontratatutako zerbitzuetako langileei gutxieneko euskara-maila eskatzen zitzaielako. Sorpresarik ez justiziaren mailuak kolpea betikoen aurka jo duenean: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio sindikatuari. CCOOren ustez, euskaldunen kopuruaren araberako hizkuntza-eskakizuna litzateke bidezkoena; epaileen arabera, udalak ez du hizkuntza eskakizunen inguruko argudiorik eman, eta langile publikoei eta esparru pribatukoei ezin zaizkie hizkuntza-eskakizun berberak inposatu.

Alegia, euskaldunon eskubideak ondo arrazoituak egon beharko dira, edo ez dira onartuko. Eta gaztelaniadunen eskubide osoak legez jasota egotea erabat naturaltzat dugun bitartean, euskaldunon eskubideak bermatzeko saiakerak inposaketa gisa aurkezten zaizkigu. Azkenik, euskaldunok erakunde publikoekin izango dugun harremana eta haiengandik jasoko ditugun zerbitzuak euskaraz izatea toki bakoitzeko hiztun-kopuruaren araberakoa izango da. Laburbilduz: eskubideak legeak aitortzen eta babesten dituen heinean existitzen badira, euskaldunon izatea egoeraren, kopuruaren eta uneko arrazoiketaren araberakoa izango da onartua.

Zartakoa ematearekin ase ez eta, gainera, erasoaren inguruko kontaketa kontrolatzeko ahaleginean, neurria euskararen aurkakoa ez dela sinestarazi nahi digute. Euskara maite dutela, Euskaraldian parte hartzen dutela, euskararen aldeko neurriek asko euskara gorrotatzera daramatzatela, langileen hobe beharrez ari direla... Eraso bakoitzaren ondotik datozen betiko leloak. Larriena, euskaldunok behin eta berriz jasotzen dugun mezua: oinarrizko hizkuntza-eskubideak etengabe kolokan ditugun bigarren mailako hiritarrak gara.

Gizataldea, herria, nazioa... garen honi norberak jarri diezaiola nahiago duen izena, baina argi hitz egin dezagun: zapalkuntzak bizi gaitu. Gogoratu dezagun, inoiz baino gehiago, euskara dela gure territorio libre bakarra. Euskaraz bizitzen jarrai dezagun, hori baita euskaldunon erresistentzia ekintzarik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.