Euskal Herriak bizi duen aldaketa soziolinguistikoa ez da oharkabean pasatzen ari. Gure herriek aniztasun linguistiko eta kulturala handitu dute eta, beraz, nola berrantolatu behar dugu euskararen lekua herri gero eta anitzagoan?
Osasuna ezin da neurtu hiztun kopuruan soilik, komunitatean duen lekuak eta harreman sozialetan kokatzeko moduak ematen diote arnasa. Hizkuntza baten etorkizuna ez dago homogeneotasunari begira, ez dago ipar elebakar bat, eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketan asmatzetik etorriko da.
Euskal Herrian hamarnaka hizkuntza elkarbizitzen ari dira egunero kalean, eta hori ez da euskararen ahulezia bat, euskararen aukera berriena baizik. Euskarak ez du biziraungo bakardadean; euskara beste hizkuntza komunitateekin harremanean bizi da. Harreman hori emankorra izateko ezinbestekoa da etorri berrien hizkuntzak aitortzea eta euren lekua bermatzea espazio sozialean, eta euskara jartzea komunitate guztien arteko hizkuntza komun gisa.
Beste hizkuntzak ikusezin bihurtzen direnean ez dute lekurik harremanetan, eta harremanetan ez badago tokirik, ez da egongo euskararik ere. Euskara herri multikulturalean da. Aniztasuna bizirauteko baldintza bihurtu da, ez oztopoa. Euskararen gabeziak eta ahuleziak ezin zaizkie etorri berriei aurpegiratu; Euskal herritar berriak ez dira testuinguru bat, baizik eta komunitate linguistiko berriaren parte.
Etorri berriek ez dute «euskara arriskuan jartzen». Goian bilatu errudunak, ez alboetan. Herriko hizkuntzen aitortza jasotzen dutenean euskararenganako lotura sozial eta sinboliko sendoagoa sortzen da. Are gehiago, askotan frantziar eta espainiar inposaketa kolonizatzailea bizitzetik datoz, eta frantsesaren zein gaztelaniaren azpitik dagoen hizkuntza minorizatu batean harrera egiteak horizontaltasuna ematen dio artatzeari. Estaturik gabeko nazioetan gertatzen den fenomeno bat da, eta hura lantzen hasi beharko genuke.
Aitortu gabeko hizkuntza batek ez du beste hizkuntza bat bere egiten;Â aitortua duenean, ordea, posible da. Euskarak ez du irabazten norbaitek galtzen duenean edo bere hizkuntza euskaragatik ordezkatzen duenean, aitzitik, irabazten du gehiagok gehiagotan hitz egiten duenean.
Euskara guztiona izan dadin, eskuragarria eta unibertsala izan behar du, eta instituzioek badute zer egin. Oraindik ere euskararen politika eta aniztasunaren kudeaketa sailka eta bereizi planteatzen dira. Baina bizitza errealean biak nahastuta datoz, eta banaketa horrek kohesio soziala ahultzen du. Ezin dugu etorkizuna planifikatu hutsune kategorikoekin. Euskara hizkuntza komuna izan dadin, gure hizkuntza guztiak aitortu eta hizkuntza politika eta aniztasun politika ikuspegi berean elkartu behar dira.
Euskara guztiona denean bizi da, komunitate zabal eta anitz batek bere egiten duenean. Guztiona izateko, doakoa, eskuragarria, erabilgarria, unibertsala eta jasangarria izan behar du. Instituzioek berea, herritarrok gurea, XXI. mendeko Euskararen Pizkundea martxan da.