Diktadura faxista baten ezpata lepoan genuen euskaldunok, lepoa moztu nahi zioten gure hizkuntzari, heriotzatik gertu zela euskarazko irakaskuntza berrasmatu eta ikastolak altxatu genituen. Lege eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen ekintza hark Euskal Herri luze-zabalean hedatuz. Nik Pasai Antxon hasi nuen ikastolaren bidea, nire etxeko gela batean familia euskaltzaleetako bost haurrekin.
Gurasoek, beldur, oztopo eta kezka guztien gainetik, beren altxor preziatuenek (haurrek) euskaraz ikastearen hautua egin zuten. Hizkuntzarekiko eta beren alaba eta semeekiko maitasun eta duintasun espresiorik gorenetarikoa, ene ustez.
66 urte pasatu dira desobedientzia ekintza masibo hartatik, mundua aldatu da eta munduarekin batera baita gu ere, injustiziak aurpegiak eta moldeak aldatu ditu, baina zorionez horiek identifikatzeko gai dira belaunaldi gazteak. Zenbat aldiz entzun dut «eske gaur egungo gazteak...», ba gaur egungo gazteak dira falangeari aurre egin diotenak Gasteizen, baita larrutik ordaindu ere. Franco hil eta 51 urtera Euskal Herrian antifaxista eta solidario izatea garesti ordaintzen da, Loiu lekuko. Baionako Etxepare Lizeoko hainbat gaztek injustiziari intsumituko zirela adierazi zuten, jakitun hartzen duten erabaki horrek ekartzen duenaz. Ezin ukatu, barrenak mugitu zizkidan adierazpen horrek. Duintasuna ez da salgai, zorionez.
Galdera da: eta zer egin dezakegu guk? Hasteko, ekainaren 13an Kontseiluak deituriko zutabeetan Iruñeko karrikak bete, ondoren gure inguruak astindu eta antolatu, begirale hutsa izatea ez da aukera bat, aktibistak behar ditu euskarak. Hamasei urteko gazte hauek ez dezatela bide hau bakarrik egin. Euskal herria bat da, zatiketarik gabe. Euskara da bide bakarra!