Euskotren 30 Minuturo plataformaren izenean

Euskotrenen zerbitzua: 5.000 sinadura baino gehiago eta erantzunik ez

Inge Ugalde Iriondo
2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

2022 bukaeran hasi genuen Eibar-Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko kanpaina. Bertan eskatzen genuen astean zehar Zumaia eta Eibar arteko zatiaren maiztasuna handitzea: ordubetean behin izatetik, ordu erdian behin izatera.

Hain zuzen ere, egun, Zumaia eta Eibar artean trena ordubetean behin baino ez daukagu. Donostia-Bilbo ibilbidean, Altzola, Mendaro, Deba eta Arroa Behea bakarrik geratzen dira 30 minutuko zerbitzu hori gabe.

Hori dela eta, Debabarreneko eta Urola kostako hainbat herritan sinadura bilketa egin genuen, eta 5.676 sinadura jaso.

Ekimenaren arrakasta ikusita, Debabarreneko, Zumaiako eta Zestoako alkateek kanpaina babestu zuten; babes horrekin 2023ko ekainaren 2an Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailera bidali genuen eskaera.

2023ko ekainaren 15ean erantzun ziguten esanaz gure eskaria Euskotreni helarazi ziotela, tren zerbitzuaren eskumena beraiek izan arren. Gauzak horrela, 2023ko ekainaren 19an Euskotreni egin genion eskaera; oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Eusko Trenbide Sarea azpiegituretan sekulako inbertsioak egiten ari da, baina paraje hau zeharo ahaztuta dauka. Politikariei ahoa betetzen zaie garraio publikoaz aritzean, baina Zumaia eta Elgoibar arteko tren zerbitzuak urte osoan zerbitzu minimoen parekoa izaten jarraitzen du. Izan ere, azken greba orokorrean, ez genuen nabaritu inolako zerbitzu murrizketarik, hain da murritza eta!

Mesedez, guztion artean eman diezaiogun benetako bultzada garraio publikoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.