250 atxikimendu jaso zituen Kulturatik ekimenaren izenean

Ez ohitu, ez ahaztu

Igor Otxoa Odriozola
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den martxoaren 17an, Kulturatik ekimenak deitutako manifestazioan, gure gizartearen gehiengo politiko eta sindikal zabal bat egon zen ordezkatuta, gure gizarteak Palestinarekiko duen elkartasuna eta haien kontra Israel gauzatzen ari den genozidioaren kontrako sentipenaren isla gisa. Milaka izan ginen ozen oihukatu genuenok, ez gaitezen ohitu, ez dezagun ahaztu.

Ohitzen denak ahaztu egiten baitu sarri zertara ohitu den. Horregatik, ez ahazteko, guk ez dugu ohitu nahi.

Ez dugu ohitu nahi gizatasunaren galeraren eta izuaren normalizazioaren aurrean.

Ez dugu ohitu nahi estatu arrazista eta kriminal batek egunero ehunka pertsona errugabe hiltzera.

Ez dugu ohitu nahi suntsiketa eta atsekabe kateaketa amaigabera. AEBak buru dituen eta Europako Batasuna atzetik duen «mundu libre eta zibilizatuaren» epelkeria konplizera, ez dugu ohitu nahi.

Ez dugu ohitu nahi eguna joan eta eguna etorri bonbardatzen dituzten ospitale eta anbulantzietara, anestesiarik gabeko anputazioetara, gosetera, umiliazioetara eta irainetara, espetxeratze eta tortura sistematikoetara. Ezin dugu ohitu beren mendekoen martirioa isekaz hartzen duten soldadu okupatzaileen jarrera zigorgabera.

Ez dugu ohitu nahi Gazan hamar minututik behin haur bat hil eta zauritzera edota egunero hamar haurrek baino gehiagok hanka bat edo biak galtzera. Gazako zerrendako eraikin guztien %78 bonbek suntsituak edo kaltetuak izan dira.

Ia 33.000 hildako daudenean genozidio batean, horietatik 14.700 inguru haurrak, zenbat amesgaizto ereiten ditu minak etorkizunean?

Genozidio baten aurrean gaude, apartheid sistematiko baten aurrean. Horregatik eskatzen diegu gure agintari eta politikariei Israelekin dituzten harreman komertzial, militar eta diplomatiko guztiak bertan behera uzteko. Eta ekimenera atxiki eta manifestazioan izan ziren eta udal, foru aldundi, eusko eta nafar jaurlaritzetan eta espainiar gobernuan ardurak dituzuen alderdi politikoei eskatzen dizuegu harremanen etete hori ahalik eta azkarren egin dezazuen. Mohammad Farajallah palestinarrak amaierako diskurtsoan esan zuen gisa: «Hitzak ez dira nahikoa, ekintzak behar ditugu».

Gizarte zibilak erantzun du, orain gure agintarien txanda da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.