Zeanuri

Ezagutzen dut haren ama, Iraide

Eñaut Intxaurraga Uriarte
2026ko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogoan du nola sartzen zen etxean eta agurtu aurretik ere zer afaldu behar zuen galdetzen ziola. Gogoan ditu haren zapatilak edozein txokotan botata, gela desordenatua, barre egiteko modu hura zerbaitek grazia handia egiten zionean. Gogoan du txikitan, Iker beldur zenean edo haren ondoan egon nahi zuenean, hurbildu eta «Ama, besarka nazazu» esaten ziola. Gogoratzen ditu haren haserreak, bromak, etxetik irteten zeneroko haren banoaaa-k.

Ez du semearen ahotik «banoa» gehiagorik entzungo. Asteazken arratsaldean, Iraide erosketa batzuk egiten ari zen bere ahizparekin. Jertse laranja bat gustatu zitzaion. Erostea erabaki zuen. Ordaintzera zihoala jaso zuen deia. Aita zen: «Iraide… Ikerrek lanetik etxera bidean istripua izan du». 26 urte zituen Ikerrek. 57 ditu Iraidek.

Ama batek, semea ez dagoenean, ez ditu gauza handiak bakarrik gogoratzen, keinu txikiak gogoratzen ditu.

Irakurle, eutsi iezaiozu irakurri berri duzun honek eragin dizun sentimendu min horri artikulua bukatu arteko tartean, mesedez.

Gezurra kontatu dizut. Barkatu. Iraide eta Ikerren kasua ez da benetako kasua. Iker eta Iraide ez dira existitzen. Minari aurpegia eta izena jartzeko asmatu ditut. 

Etorkinei buruz hitz egiten dugunean askotan kolektibo batean pentsatzen dugu, datu batean. Baina pertsona bakoitzaren atzean ama bat, aita bat, anai-arreba batzuk, seme-alaba batzuk ere badaude. Sufritzen duen jendea. 

Imajina dezagun Iker ez dela hemen jaio. Demagun Youssef duela izena eta milaka kilometrora jaio dela. Ama han dagoela, semearen berrien zain, hark Europarako bidaiari ekiten dion bitartean, bizitzeko aukera baten bila. Youssefen bizitzaren balioa txikiagoa litzateke? Haren amaren mina txikiagoa litzateke?

Ez dakit zer politika egin behar diren, zer neurri hartu behar diren. Ez dakit zenbat ireki edo zenbat itxi behar diren ateak. Dakidana da gizatiarrago jokatu behar dugula. Lapurrak direla, gaiztoak direla…. esan aurretik, pentsatu egin beharko genuke nondik datozen, zergatik datozen eta zergatik jokatzen duten batzuetan guk nahi ez genukeen bezala.  

Datozenei bertuteak exijitzea, zintzo joka dezatela, ez dezatela lapurtu eskatzea erraza da. Ni ere horiek denak eskatzearekin ados, zelan ez. Baina aurretik, gutxieneko baldintzak bermatu beharko genizkieke. Mundu guztiak ezin du bertutetsu jokatu, nahi izanda ere.

Egin dezagun ariketa azkar bat immigranteen inguruan edozein epai zorrotz egin aurretik: Jar diezaiogun euretako bakoitzari gure ingurukoren baten aurpegia. Pentsa gure Iker, Enaitz, Sare, Olatz, Maider, Lourdes… izan daitezkeela. Eta ariketa hori egin ondoren, orduan bai, orduan hitz egin, kritikatu, juzgatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA