Zuzendariari

Gabriel Aresti, euskaltegia baino gehiago

Jasone Lopez Fernandez.
Portugalete.
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hilabete honetan Gabriel Aresti euskaltegia 35. urteurrena ospatzen ari da. Aurten, hor ikasle moduan hasi nintzela ere hiru urte bete dira.

Gutun honen bidez, lehenengoz, euskaltegia zoriondu nahi dut, eta irakasleen lana goraipatu. Egia aitortzera, gure euskaltegiak euskara irakasteaz gain, euskal munduan eta euskal kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen digu, bertso eta dantza saioak zein kulturari buruzko hitzaldiak antolatzen baitira. Euskara ikasten ari garenon eta euskaldunon arteko topagune aparta da; euskararen erabilpena sustatzeko Bilbon dagoen leku bakarra, ia.

Bigarrenez, Gabriel Aresti nor zen ezagutzera emateko eta bere idazlanak berreskuratzeko une aproposa delairuditzen zait, baita bizirik zenean jaso ez zuen aitortza egiteko abagune ezin hobea ere.

Ni A ereduak kalte egindako biktima izan naiz, eta, Ezkerraldekoa izanik, oztopo asko gainditu behar izan ditut euskaraz jabetzeko. Hala ere, egun, harro esango nuke, euskaltegiari esker, hein handi batean, lortu egin dudala, eta, aldi berean, nire barne mundua aberastu egin dela.

Tituluak titulu, argi eta garbi daukat euskara bera dela sari nagusia, hots, euskarak merezi duela, eta hemendik animatu nahi zaituztet klaseetara zein ekintza osagarrietara hurbiltzera. Etorri euskaltegira!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.