Irailean izena eman nuen Gasteizko Udalak antolatzen dituen aisialdiko jardueretan, yoga ikastaro elebidun batean (ez zegoen yoga talderik euskaraz; gaztelaniaz 51, eta elebidun bat). Elebidun faltsua, irakaslea gaztelania hutsez jardun baitzen. Kexa bat jarri nuen Hizkuntza Behatokian. Eta erantzuna jaso dut:
«Lehenik eta behin adierazi behar dugu Gasteizko Udalaren kirol eskaintza globala, zabala eta askotarikoa dela, kirol modalitateari, ordutegiei, adinari, hiriko kokapenari eta hizkuntzari dagokienez, eta yoga udalaren kirol eskaintza horren zati bat dela. Udalaren kirol ikastaroen eskaintza oreka batean oinarritzen da: dauden baliabideak (monitore gaituak), benetako eskaria, inguruko errealitate soziolinguistikoa, xede duen biztanleria, programaziorako irizpide teknikoak, etab. Hau da, ez dago araurik, dekreturik, lege edo irizpide teknikorik udalaren ikastaroen %100 bi hizkuntzetan eskaini behar izateko. Hori dela eta, udalaren kirol eskaintzan gazteleraz, euskaraz, ele bitan, edo gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen diren ikastaroak aurki daitezke. Inskribatuta zegoen yoga ikastaro elebidunak herritarrari eragindako eragozpenak sentitzen ditugu. Ulertzen dugu ikastaro elebidunak modu egokian ematea garrantzitsua dela. Sentitzen dugu oraingo honetan horrela ez izatea. Hurrengo saioak behar bezala emango dituztela bermatzeko, eskola elebidunak emateko jarraibideen eskuliburua bidali diogu berriro enpresari, monitore guztiei bidal diezaieten».
Perla bat. Ez dago larderia eta harrokeria handiagoz idazterik. Ariketa polita litzateke kazetaritza ikasten duten ikasleentzat, azter dezaten noraino bihurritu eta manipulatu daitekeen hizkuntza, esan beharrekoa ezkutatzeko, iluntzeko. Luze joko luke esaldiz esaldi, xehe-xehe, erantzunak erakusten duen agintekeria azaleratzeak. Hemen, pare bat iruzkin baino ez ditut utziko. Irakurleak epai beza.
Gezurra da «hizkuntzari dagokionez Gasteizko Udalaren kirol eskaintza globala, zabala eta askotarikoa» dela. Hori oreka bada, ez dakit zer den desoreka. Yoga emateko ez da katedraduna izan behar, monitore ugari daude, euskaldunak; irizpide teknikoak hutsaren hurrengoa dira, eta zorioneko «errealitate soziolinguistiko» madarikatuaz hobe ezer ez esatea. Gaiztoa izan behar da gaur egun hori mahai gainean jartzeko.
«Ikastaro elebidunak modu egokian ematea» ez da soilik «garrantzitsua», ezinbestekoa baizik. Eta ezinezkoa bada (eta askotan hala da), ez eskaini, ez engainatu jendea. Ez naiz hau gertatu zaion gasteiztar bakarra. Komeni da hizkuntza eskubideen urraketak salatzea eta arduradunei erantzukizunak eskatzea.
«El mundo te ama» (munduak maite zaitu), zioskun monitoreak klasearen amaieran, begiak itxita meditazioari ekin genionean. Munduak ez dakit, Gasteizko Udalak, ez. Ez maitatu, ez errespetatu.