ZUZENDARIARI

Gaur ez dut kantatu nahi epika

Zuia
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Duela egun eskas nire eskuetan erori da Jon Maiaren Kantu bat gara bilduma. Ordutik diskoari bueltak eta bueltak eman dizkiot, ia urratu arte. Hilabete gorabeheratsuak izan dira 2021eko azkenak niretzat eta Maiak nire barruekin konektatzeko palanka berezi bat topatu du, hor nonbait.

Diskoaz lehen aldiz gozatzen nenbilela heldu nintzen haraino, 11. abestiraino hain zuzen. Abestia entzuten amaitu orduko, erreflexu bat bezala, atzera egin nuen, berriz ere abesti eder hori deskubritzeko. Letrari erreparatu nion, hitzez hitz eta bat-batean urratu nintzen, urtu nintzen.

Psikologian katarsia deitzen zaio erreprimitutako sentimenduak era bat-bateko eta bortitzean askatzeari, eta halako bat suertatu zitzaidan niri orduan; urteetan neure burua babesteko sortutako koraza hautsiz. Askatutako sentimendu guzti horiek Maiaren hitzek azaltzen dituzte neuk azalduko nituzkeen baino gardenago, eta hari emango diot hitza.

«Etorkizunik ez baldin badut, zertarako nahi dut memoria» esanez hasten da kantuan, ukatu diguten etorkizun horren nostalgiaz.

Irabazteko dagoen etorkizun horren nostalgiak bultzatzen gaitu aurrera jarraitzera, joan ziren horien negar eta sufrimenduengatik, baina bereziki datozenen irriengatik. Nik, ordea, jadanik ez dut gure eskuz eta tresnez eroritako, botatako, haritz handi horren adaxka izan nahi.

Haritz horri emandako aizkorakada bakoitza bezala, zauri ugari sortu ditugu eta sortu zaizkigu guri ere, zauri eta min ugari. Eta nik etxean luzitu nahi dut nirea, adio aita eta bereziki adio ama, adio etxe maitagarri hori.

Haritz erori handi ez, nahiago dut hirusta txiki izan. Han eta hemen txikitasunetik, lurretik gertu, loratzen den hirusta.

Argi dago ez garela bi aldiz biziko, argi dut ez gaituztela bi alditan hilko, baina ez dut hain argi, galdu dugun gerra hau ez ote dugun bi alditan galduko.

Baina pasatako egunik ez da itzultzen eta beraz atzera begira bizitzeak ez du zentzurik. Goizero sortzen da egun berri bat eta egunsentiko gorritasun horri eustea da dugun biderik onena, ortzimugaraino.

Gaur ez dut kantatu nahi epika, nahiago dut muxu bat hondartzan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.