Euskal Herriko gizarte honetan, zoritxarrez, astero pairatzen dugu eraso matxistaren bat edo gehiago: emakumeek pairatzen dute gehienbat, jakina, baina horrek gizarte osoa erretratatzen du, eta gizonok, noski, ez gaitu batere leku ederrean uzten. Ez dezagun ahantz, halaber, gizonezko batzuek beste gizon batzuei ere, batzuetan, eraso egiten dietela, azken horien sexu orientazioa dela bide, gayak eta abar.
Zoritxarrez, egun batean, emakume bat edo gehiago hiltzen dute; beste egun batean, beste hainbeste edo gehiago zauritu; besteren batean, seme-alabak hil edo zauritu, indarkeria bikarioa praktikatuta eta abar, eta abar. Aipatutakoez gain: mehatxuak, jazarpenak, urrutiratze aginduak ez betetzea, eta bat eta beste. Kontua da gizonezko horiek, kosta ahala kosta, mendekua praktikatu nahi izaten dutela, eta gehiegitan praktikatzen dute, gainera, egin beharko luketena denean beren harropuzkeria alde batera utzi eta onartu bikote horren harremana bukatu dela, besterik gabe, eta orain tokatzen dela ahalik eta modurik egokienean banatzea, emakumeak bake santuan uztea, ez direlako beren jabegoa, eta, denak ahalik eta hobekiena bizitzea.
Baina, ez, argi eta garbi dago gizonezkook, betidanik-edo, geneetan sartuta eduki dugun joera gaizto, maltzur, aldrebes, oker eta desegoki hori kostatzen ari zaigula guregandik kanporatzea. Oraindik ez dugu lortu eta hori oso nabarmen gelditzen ari da gizarte honetan, zoritxarrez, emakumeentzat.
Gizon gaizkile eta bortxatzaile horiek, horrelako ekintza gorrotagarriak egin ondoren, batzuek beren buruaz beste egiten dute; edo beren buruaz beste egiten saiatzen dira beste batzuk, lortu gabe; beste batzuek, ordea, beren burua entregatu egiten dute polizia etxean; eta beste gaiztagin batzuk, aldiz, ihes egiten ahalegintzen dira, baina, azkenean, gehienak harrapatuak eta epaituak izaten dira.
Noiz ikasiko dute/dugu gizonezkook mendekua ez erabiltzen, emakumezkoak errespetatzen, ez zapaltzen eta menderatzen, gure jabetza balira bezala?

