Nola esan 6 urteko ume bati bihar ezin izango dela etxera itzuli? Bere jostailu kuttunenak kutxatan gorde behar dituela? Bere auzoa, eskola eta lagunak atzean utzi behar dituela? Nola azaldu etxegabetze batean kabitzen den indarkeria guztia?
Etxebizitzaren arazoa gero eta gordinago azaleratzen ari da gure herrian. Gure auzoetan gero eta gehiago dira problematika honen ondorioak pairatzen dituzten familiak. Eta egoera honetan dauden gero eta haur eta nerabe gehiago ditugu gure eskola eta institutuetan.
Miseria eguneroko ogia bihurtu da auzoko familia askorentzat, eta horrek, noski, eragina dauka haurren hezkuntza ibilbidean eta kalitatean. Nola irakurriko du etxean bere familiarekin logela batean pilatuta bizi den ume batek? Zelan egingo ditu etxeko lanak? Nola ikasiko du selektibitaterako etxegabetua izango den nerabe batek?
Ezin dugu bizikidetzaz, inklusioz, arrakastaz, eta aukera berdintasunez hitz egin gure ikasleek bizi duten miseriari erreparatu barik, era abstraktuan edo beste aldera begiratuz. Ezin diegu nagusitan izan nahi dutenaren inguruan galdetu, klase sozialaz, miseriaz eta injustiziaz hitz egiten ez baldin badiegu. Ezin diegu nagusitan zer izan nahi duten galdetu kondenatuta egongo ez balira bezala.
Hausnarketa hau abiapuntu izanda bide bat zabaldu dute AZET Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko ikastetxe eta institutuetako zenbait familia elkartek, arazoaren munta eta larritasuna ikusita hezkuntza komunitateak zeresana duela sinetsita. Hau horrela, elkarlanean eta klase elkartasunean oinarritutako lanketa abiatu dute, eta lehen urratsa maiatzaren 30ean Alde Zaharreko Santiago plazan egingo den agerraldia dugu.
Izan ere, etxebizitzarik gabe ez dago arrakastarik, ez dago hezkuntza kalitaterik, ez dago ametsik. Etxebizitzarik gabe, ez dago etorkizunik. Gure haurrei horma sendoak, teilatu seguruak eta leiho irekiak dituzten etxeak eta ikastetxeak zor dizkiegu. Hori lotzeko bidean, guztiok dugu zeregina!