Zain Dezagun Urdaibai elkarteko lehendakaria

Gure ibilbidea, gure bermea

Doroteo Zobaran Kaltzada
2023ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz lehen aldiz hitz egiten hasi zenean, zehazki 2009 inguruan, Zain Dezagun Urdaibai elkarteak informazioa, autoantolaketa eta mobilizazioa sustatuz ekin zion bere lanari. Horrela sortu zen Urdaibaietz elkarte plataforma, gaur egun oraindik bizirik dagoena. Guztion artean lortu genuen Sukarrietako Kolonian altxatzeko asmoa zuten orduko proiektu hura baztertuta geratzea. Hala ere, sustatzaile nagusiek, Guggenheim Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ez zuten amore eman.

Hamar urte geroago, 2018 inguruan, musika zahar hura berriro entzun hasi zen, dezibel gehiagorekin ordea. Museo baten faltan, sustatzaile ohiek bi eraikitzeko asmoa agertu zuten, oraingoan, sinesgaitza bada ere, MITECOren (Trantsizio Ekologikorako Ministerioa) laguntzarekin.

Bai ala bai! Denok ezagutzen dugun turismo mega-proiektua halaxe inposatu nahi digute. Bi museo-pieza, Gernikako Dalia fabrika zaharraren inguruan eta Muruetako ontziolan, eta bien arteko lotura bat, Bide Berdea deiturikoaren bidez egina, erakusketa-eremu bihurtzeaz gain, gutxienez noizbehinka eta/edo partzialki pribatizatzeko asmoa dutena, hain zuzen.

Hori dela eta, Zain Dezagun Urdaibai elkarteak urteak daramatza Urdaibaiko Erreserbaren defentsaren buru izaten, eta horrela jarraituko du, Zain Dezagun Urdaibai markarekin, Urdaibain egindako ibilbideagatik auzitara jotzeko legitimazioa duen elkartea baikara. Hori dela eta, gure antolaketa-autonomia erabiliz, sortzen ari diren beste talde batzuetatik nolabait aldentzeko beharra ikusten dugu, hein batean behintzat hainbeste urtetako ibilbidea —laster izango dira 50 urte gure sorburua den Zain Dezagun Busturialdea eratu zela—, eta, beraz, gure lana nolabait gutxietsi baitute. Zain Dezagun Urdaibaik bete-betean eta osorik jarraituko du proposatutako helburua lortzearen bila. Horretarako, premiaz behar da, besteak beste, Erreserban inposatu nahi zaigun turismo mega-proiektua berriz ere geldiaraztea ahalbidetuko digun finantza-laguntza. Urdaibaiko Biosfera Erreserbari eta Euskal Herriari berari, beharbada, inoiz egindako erasorik larrienaren aurrean gaude. Asteak dira sare sozialen bidez dirua biltzen ari garela auzitegietara jotzeko hasi dugun bidean jarraitzeko, duela urte batzuetatik gurekin dagoen talde berarekin jo ere.

Badakigu, ondo jakin ere, legeak gure alde daudela. Badakigu, era berean, honek guztiak luze joko duela, eta behin irin juridikoan sartuta, inoiz baino gari gehiago beharko dugula gure eguneroko ogitarako. Busturialdearen eta, bereziki, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren defentsan daroagun berrogei urtetik gorako ibilbidea da gure bermea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.