ZUZENDARIARI

Gure Manaslu

Errenteria
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Azken asteetan harrabots handia egon da Nepal aldean, Gorkha eskualdean bereziki eta Manaslu mendian zehazki. Antza denez, udazkeneko lehen egunetan gailurra egin duen jende piloa egon da, edo hori da beraiek esaten dutena. Azken urte hauetan goi mendi hauetara hurbiltzen diren turistek enpresa bati ordainduz egiten dituzte espedizio batek eskatzen dituen prestaketa eta logistika guztiak. Enpresa hauek turisten behar guztiak asetzen dituzte, besteak beste, materiala goi kanpamentuetara igo, dendak muntatu, ura eta janaria prestatu, oxigeno bonbonak igo, gida lana egin eta soka finkoak jarri. Dirua duen turista batek, espedizio batean lan gehien eskatzen duena diru bidez ordaindu ohi du. Batzuek, gainera, alferraren alferraz, halako mendi bat igotzeak eskatzen duen dokumentazio lanik txikiena ere ez dute egiten.

Hau dena dator azken aste hauetan gailurra egin omen duten turista hauetako askok ez dutelako gailurrik egin eta C2 deitzen den aurretontor batean geratu direlako. Enpresetako sherpek soka finkoak jarri zizkieten tokiraino joan ziren; baina ez gailurreraino. Manasluren gailurra bat eta bakarra da, 8.156 metrotara dago, eta, argazkietan ikusten denez, elur eta izotzezko ertz batetik igaro behar da hara iristeko. C2 delakoa, altueran metro gutxiko diferentzia dagoen arren, gailurretik 30 bat metrotara dagoen aurretontorra da.

Gurean ere bada zerbait egin edo izan gabe izen hori beretzat hartzen duenik. Pandemia honetan zerbitzu publikoen garrantzia eta ospea nabarmen hazi da. Moda horri jarraikiz, batzuek ez izanda ere bere burua publikotzat autoizendatu dute eta beste batzuek autoizendapen honi bere oniritzia eman ere noski. Ez dira gailurrera iritsi; baina hala egin dutela diote.

Gailurra bakarra den bezala, zerbitzu publikoak eta hauen izaera ere bakarrak dira. Zerbitzu hauetako asko azpikontratatuta daude, benetan publikoak direnen antza dute; baina ez dira.

Publikoak ez du zertan hobea izan; baina gurean dena da. Titulartasun, izaera eta funtzio jakin batzuk ditu berezko egiten dutena, gailur bat bezala. Eta C2 tontorra, nahiz eta gailurraren antza izan, bost metro azpirago badago, aurretontorra da.

Bakoitza dena da, eta daukana dauka. Eta hori aldatzeak benetako zerbitzu publikoak desitxuratu eta hauen beharrak oztopatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.