ZUZENDARIARI

Gutun irekia preso politiko guztiei

Iñaki Egiluz Sagastizabal, Elias Fernandez Castañares, Luis Armando Zabalo Bilbao, Jon Mikel Iturriaga Omar.
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Gutun hau bidaltzeko arrazoia zuotako bakoitzari Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua zer den argitzea eta informatzea da, zelan ulertzen dugun amnistia, zein da preso politikoek borroka honetan daukazuen papera, zeintzuk diren gure urratsak eta ekarpenak amnistia lortzeko.

Hori dela eta, honako hau argitu nahi dizuegu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaz:

Euskal Herri osoan antolatuta dago, eta gure lan guztien, markatutako helburuen, ekarpenen, parte hartzeen, eztabaiden, hausnarketen eta abarren oinarria batzarra da.

Gure mugimenduak errepresaliatu politikoen baldintzarik gabeko etxeratzea eta zuen existentzia eragin zuten arrazoien gainditze gisa definitzen du. Gainera, amnistiaren defentsa da gatazka honen izaera politikoa mantentzeko bitartekorik garrantzitsuena.

Zuen izaera politikoaren onarpena ezinbestekoa da amnistiarantz eta zuen giza eskubide guztien onarpenerantz aurrera egiten jarraitzeko. Bestetik, zuen egoera aurrera eraman duzuen militantzia politikoaren ondorioa da, eta gatazkari irtenbidea emateko era bakarra zuen askatasuna da, duintasunez eta zuen borrokaren aintzatespenarekin.

Baina argi utzi nahi dugu guztiz bateragarriak direla zuen eskubideak aldarrikatzea eta amnistiaren aldeko borroka; izan ere, muturreko egoeran bizi baitzarete. Ezin dugu ahaztu estatuek zuen eskubideak urratzeko arrazoiak erabat politikoak direla.

Hortaz, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak pairatzen dituzuen urraketei aurre egiteko lan egiten du amnistiarako bidea egiten dugun bitartean, eta ordura arte honako hau galdegiten dugu:

Zuek guztion Euskal Herriratzea eta sakabanaketa politikaren amaiera.

Preso gaixo larri guztien askatasuna.

Behin-behineko askatasunen onarpena espetxeratze prebentiboa ezarrita daukaten euskal preso politiko guztientzat.

Baldintzapeko askatzeen onarpena zigorraren bi herenak bete dituzten preso politiko guztientzat.

Berrogei urteko zigorra ezartzen duen legeriaren indargabetzea.

Hori esanda, pentsatzen dugu urrats horiek egiteko ez dizuetela espetxe legeria eta legeria judiziala onartzea galdegin behar, edo zuen borrokaz eta militantziaz arnegatzea, ezta damua, ezta eragindako mina edota sufrikarioaren onarpena ere.

Laburbilduz eta dakizuen moduan, ez da egia espetxe legeria onartuta gatazkaren ondorioak gainditu daitezkeela eta funtzionarioen, Tratamendu Batzordearen, espetxe zaintzako epaileen eta abarren eskuetan geldituko zinateketela, eta irtenbide indibidual horiek ondorio larriak izango lituzkete kolektiboaren batasunerako.

Horregatik, gure mugimenduak ez luke inoiz onartuko zama zuengan erortzea. Gu gara eta, oro har, Euskal Herri Langilea da ardura eta konpromisoa hartu behar duena zuen bizi baldintzen hobekuntza eta amnistia lortzeko.

Hori dela eta, zuen eskubideen eta amnistiaren aldeko borroka gizarteratzeko konpromisoa hartzen dugu, ahalik eta eragile sozial eta herri mugimenduren gehienen parte-hartzea eskatuz zein instituzioak presionatuz, zuen aurka egiten ari diren krimen eta jarduera errepresiboaren kostua onartezina bihurtzen zaien arte.

Horretarako salaketa publikoaren eta esparru guztietan mobilizatzearen alde egiten dugu, presio eta desobedientzia efektiboko ekimenekin eta baita amnistiaren gauzapenerantz aurrera egiten laguntzen duen edozein metodorekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.