Honen bitartez, Nafarroako Berdintasun Agenteen Elkarteak bere desadostasuna publikoki adierazi nahi du, Iruñeko Udalak bi izengai zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, berdintasuneko teknikari aritzeko lanpostua betetze aldera egindako deialdiarekin, Giza Baliabideetako zuzendariak maiatzaren 5ean onartutakoa. Bai zinegotziari, bai eta jarduera alor honetan aritzen diren pertsona naiz erakundeei ere, gure desadostasuna ailegatzea nahiko genuke.
Gure elkarteak aipatutako lan deialdiaren kontra helegitea paratu zuen. Horren aurretik, deialdiaren udal arduradunekin bildu ginen, helarazteko deialdi horretan ez dela kontuan izan berdintasun agentearen profil profesionalaren definizioa. Hain zuzen ere, euren egituran erakundeek onartutako profila, lanpostu hori bete behar duten pertsonen formazioari eta lan-eskarmentuari dagokiona. Eta hori gutxi balitz bezala, horren adierazlea dugu aste honetan Nafar Lansarek, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin batera egindako deialdia, non profil profesional honekin bat datorren formazioa eta lan-eskarmentua eskatzen den, bileran eredutzat aipatu genuena.
Helegiteari emandako erantzunean, deialdiak egun indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela diozue (bai, noski, horrekin ez genuen zalantzarik!) baina ez dago profilaren edota funtzioen inguruko inongo argumenturik. Ez duzue ezer aldatu, Soziosanitario arloko Lanbide Heziketako Goi mailako gradua Berdintasun Agentearen Masterra bezainbeste baloratzen duzue, egundaino dagoen formazio espezifiko bakarra.
Gure eskaerak ez du oihartzunik izan, ez baituzue ezer aldatu. Epaimahai kalifikatzailearen osaera, ordea, aldatu duzue. Deialdiaren arabera, berdintasun gaietan bi pertsona aditu zeuden epaimahaian, eta, azkenean, bat izanen da. Hori aldatzeko, ez dago inongo arazorik! Zuek deitutako bilerara joan ginen, adostasun bat lortzeko edota irizpideak adosteko asmoz, etalangile hoberenak nahi zenituztela esan zenuten. Agian, onenak nahiko dituzue; ez, ordea, berdintasun agenterik onenak.
Bukatzeko, herritarrei esan nahi diegu APAIONA-NABALE, Nafarroako Berdintasun Agenteen Elkarte Profesionala, diru-irabazirik gabeko elkartea dela, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duela Nafarroan. Eta betiko moduan, hementxe prest gaituzuela administrazioei, erakundeei edota pertsonei laguntzeko, aholku emateko eta elkarrekin aritzeko, berdintasunaren alde.
ZUZENDARIARI
Gutuna Laura Berro Yoldiri, Iruñeko LGTBQI zinegotziari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu