ZUZENDARIARI

Haize-errota aisea da, baina...

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Merezi al du sinisten dugunaren alde borrokatzea? «Bai, dudarik gabe», esango dute gehienek. Baina subjektua aldatuko bagenu eta esaldia honela balitz: «Merezi al du zuk bakarrik uste duzunaren alde borrokatzea?». Ez dakit zer erantzun izango zen orduan. Ba horixe da nik orain daukadan sentsazioa.

Badirudi alderdi politiko guztiak, sindikatu guztiak, mendiko federazioa, eta herri mugimendu osoa, antzinean ez bezala... denak ados daudela Gipuzkoan eraiki nahi dituzten bi haize-errota parkeekin.

Ba ni ez, eta, bakarrik sentitzen naizenez, ez dut galdetuko ea merezi duen nire sinesmenen alde borrokatzea. Badakit zein izango litzatekeen gehiengoaren erantzuna.

Baina setatsua naiz, eta berritsua ere bai.

Gipuzkoan eraiki nahi dituzten bi parkek, kasurik onenean, EAEko etxebizitzen energia-kontsumoaren %10 elikatuko lukete. Hau da, EAEn kontsumitutako energia guztiaren %1,2.

Ez dut galdetu behar bi proiektu horiek merezi duten ala ez, baina adituren batek datuak mahai gainean jarrita konbentzituko banindu, pozarren baietz esango nuke.

Kasurik onenean diodanean, haize-errotek urteko ordu guztietan lan egiten dutela suposatzen ari naiz. Baina hori fikzioa da, jakina, eta badakit batez besteko errendimendua %30ekoa izaten dela. Beraz, aurreko datuak nabarmen murriztuko lirateke.

Norbaitek ni konbentzitzea nahi dut. Mesedez.

Eta amaitzeko beste datu bat. Pandemia zela eta, 2020. urtean EAEn energia gutxiago kontsumitu genuen. Ba, bi instalazio horiek batera, 2020an kontsumitzeari utzi genion energiaren zortziren baten baliokidea soilik sortuko lukete. Eta hori da kasurik onenean, zeren eta %30ekoa balitz errendimendua, askoz murritzagoa izango litzateke. Zehazki, 2020an 2019arekiko kontsumitu ez genuen energiaren 1/27.

Planetari guk ezer ez egiteak on egiten dio, eta tirita bat jartzea baino hobea da, zalantzarik gabe, baina arazoak hor dirau.

Arazoa benetan konpondu nahi badugu, zerbait eragingarriagoa egin beharko dugu. Adituak behar ditugu. Arren, otoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.