Irakasleak

Harri bitxi batzuk

Andoni Mendia Garcia - Felix Eguskiza Uriarte
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guk, irakasle frikiok, gauza bitxiak egiten ditugu. Iaz, nire ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasle batzuekin eta gaian aditua den beste irakasle batekin joan nintzen Iruña-Veleiako antzinako erromatar hiria bisitatzera. Han, harresi ikusgarrien eta hainbat eraikinen artean, hara-hona ibili ziren gazteak, nerabeek eskola egun libre bat lortzen dutenean egiten duten modu berean.

Gidariak, oso begikoa izanik, oraindik lur azpian aurkikuntza interesgarri asko izango zirela esan zigun. Gainera, bera beldur zen arkeologiarekiko interes ofiziala ez ote zen gehiegi, eta, Euskal Herriko klima hezea kontuan hartuta, gauza batzuk betiko gal zitezkeelakoan zegoen. Pena. Bisitan mutilak eta neskak, beren 15-16 urteko hormonek baimena eman zieten neurrian, hurbil zegoen zubi erromatarra zeharkatzean erabat zintzilik geratu ziren.

Negua hasita zegoen eta egun euskaldun tipikoa zen Arabako Lautadan: horrek hotza eta euria esan nahi zuen. Zadorra ibaia indar betean jaisten zen eta zubiko zubi-branken kontra jotzen zuen. Nerabeak, eraikinaren sendotasunarekin eta uren indarrarekin liluraturik, harri zaharren gainetik behera begira geratu ziren. Batek esan zuen hura gauza oso euskalduna zela: ura eta harria, natura eta iraunkortasuna, indarra eta kemena. Poeta izanik, norberak ezin du saihestu Gabriel Arestirekin gogoratzea. Harrotasuna apaltasunez. Natura. Ikuste zoragarria.

Itzulerako autobusean, nire lurraren ondareaz benetan zein gutxi nekien pentsatzen hasi nintzen. O, bai, jakina: badakit antzinakoa dela gauza batzuetan. Megalitoak ditugu nonahi; nire herriaren inguruan, Leioan, ugari aurki daitezke: Munarrikolanda Pandoetxeko trikuharria, San Gabrieleko tumulua, Saierrikoak (bi daudenez), Saierriko trikuharria, Goikoganako tumulua, Othegikoa, Junkerakoa, Gatzarriñekoa, Moreagakoa, Galbarriatuko mugarria, Muinarrietako tumulua, Hirumugarrietakoa, Kurtziokoa eta San Faustoko trikuharria. Eta horiei buruz... ez dakit ezer ere.

Historian aurrera eginez, nire hutsune ugariz ohartzen naiz: ez dakit ezer euskal Erdi Aroaz, ez dorretxeez, ez horiek norenak ziren, ez lurraldearen kristautzeaz, ezta lurren antolakuntzaz ere. Kasurako, badakit Gernikako Arbola badagoela, baina ez dakit zergatik. Eta horrek zapuztu egiten nau. Nire iraganaren zati bat kendu didatela sentitzen dut.

Batxilergoan irakasgai moduan nazionalismoen sorrera ematen dugu, garrantzitsua dena, eta buruz ikasten dugu EBAUn botaka egin ahal izateko, Euskadin XIX., XX. eta XXI. mendeetan gertaturiko ia guztia... Eta lehenago ezertxo ere ez zegoen sentipenarekin geratu ginen. Baserriak, asko jota, eta oso gizarte itxia. Euskara primitiboa (digresio filologikoa: zein txarto dirudien hizkuntza bati primitiboa dela esateak! maitatzeko eta harro sentitzeko).

Nola jakingo dugu nora goazen ez badakigu nondik gatozen ezta zer diren ere gure inguruan ikusten ditugun gauzak? Zenbat gauza galtzen ari naizen maitatu eta harro sentitzeko! Hizkuntza badugu, bai, baina ez diezaiogun utzi gure iraganeko sustrai sakonen alde borrokatzeari, sustrai horiek edan duten ur eta mineral guztiengatik, eta haien gainean eraiki den harri bakoitzaren alde ere. Gure seme-alabek eta haien seme-alabek, iraganaren ahalmen sakonean bultzatuz, etorkizunera harrotasunez proiektatzeko duten eskubidearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA