Aurreko belaunaldiek beti kontatzen dizkiete bizi-istorioak belaunaldi berriei. Irakasleok asko egiten dugu hori, beti dagoelako klase huts bat edo momentutxo bat interesgarri dirudien klasez kanpoko zerbait kontatzeko. Gizakiok betidanik irakatsi egin dugu kontakizunak, elezaharrak, abestiak eta esperientziak erabiliz; zergatik gelditu behar dugu orain? Egia esan, askotan ez dakigu zertarako kontatzen ditugun gauzak edo ea interesgarriak izango diren, batez ere nerabeekin egiten baduzu lan, baina istorioek misteriozko gauza hori dute: buruan lo geratzen dira eta gero bat-batean agertzen dira bizitzako zerbait argitzeko.
Nik, adibidez, gogoratzen dut irakasle batek kontatu zigula bera gaztea zenean (guretzat Erdi Aroa edo halako zerbait) Getxon harri-bataila apartak antolatzen omen zirela mutilen artean, eta zauri larriak izaten zirela ondorioz. Guk, orduan, gazte eta eszeptikoak, ez genuen ezer sinesten, baina ikerketa-lan pixka bat egin eta aurkitu dut guztiz egiantzekoa dela: harri-borrokak gauza bat izan dira Euskal Herrian antzinetik: auzo desberdinetako mutilak (eta agian neskak ere bai) geratu egiten ziren harrika borroka egiteko arau informal batzuk hitzartu ondoren, eta ihes egiten zuten polizia agertzean.
Errealitate horrek irribarre bat aterrarazi dit. Ze basatiak izan garen beti gizakiok! Unamunok esaten zuen herrialde honetan elkarren aurka indarkeriazko liskarrak izateko joera bat dugula. Kainismoa deitzen zuen berak: eztabaidak gorrotoaren erruz okerbideratzen eta guda irrazional bihurtzen dira. Gaur egungo inguruneari begiratzen badugu, erraza da guda maltzur hori ikustea telebistan, kalean, sare sozialetan… Oraindik harrika jarraitzen dugu, edo makilakada, Goyaren pintura beltzean bezala.
Nire ustez, gauzak sortzea apurtzea baino baliotsuagoa da. Gustatuko litzaidake harri horiek hartzea, gure lurraldean ezartzea eta guztiontzat balioko diguten etxeak eraikitzen hastea. Hori ezinezkoa bada, gutxienez harri-borroka hasi baino lehen arauak ondo argitu genitzake, borroka ordenatuago bat edukitzeko eta polizia etortzen bada elkarrekin ihes egiteko.