Lasarte-Oriako haur eskola publikoan dagoen ikaspostu falta egiturazko arazo bihurtu da. 2025-2026ko ikasturterako, 1-2 urte bitarteko herriko hamabi familiak ezezkoa jaso dute hain oinarrizkoa den baliabide bat eskuratzeko: toki bat haur eskola publikoan.
Egoera ez da hobetuko presaz jokatzen ez bada. Jaiotzak gora doaz Lasarte-Orian: Eustaten arabera, 2023an 111 haur jaio ziren, eta, 2024an, berriz, 122. Goranzko joera hori ikusita, urtebete baino gutxiagokoentzat hamasei ikaspostu publiko bakarrik eskaintzea ez da nahikoa.
Arazo horrek familia asko linbo batean uzten gaitu, benetako alternatibarik gabe: haurtzaindegi pribatuak garestiegiak dira, beste udalerri batzuetara joatea zaila da, eta lan baimenak luzatzea ez da beti bideragarria. Ondorioz, kontziliazioa ia ezinezkoa gertatzen da.
Bitartean, familiok ez dakigu norengana jo. Erakundeek erantzukizuna elkarri pasatzen diote; badirudi inork ez duela benetako irtenbiderik jartzen mahai gainean.
Noiz arte egingo diogu ez ikusiarena arazo honi? Eta noiz arte helaraziko zaie zama familiei erantzun errealista eta urgenterik gabe? Arazoari ez ikusiarena egiteak ez du hura desagerraraziko.