Urruña

Herria zaindu!

Aitzol Talavera
2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gatazka guzietan bezala, gorabeherak egoten dira, baina galdu behar ez dena zaintza da.

Gurean, barne mailan, azken urteetan gerra zikin, botere harreman, bortizkeria, zatiketa eta tratu txar kolektiboaren ondorioz txikian lan egitera behartu gintuzten sareak berreraikiz.

Baina ildo ofizialak hartutako ibilbidea aurrera eramatearren, tratu txar kolektiboak berretsi eta zaintza gabe utzi gintuzten, dena ematen zutenen familiak, kideak, seme-alabak... oinarria. Zaintza gabe, entzuna izan gabe, parte hartzerik gabe, bazterrean utzita, jazarriak...

Horrek osasun ondorio larriak sortu ditu gure herrian. Osasun mental galera handiak izan dira. Trastorno larriak sortu ditu, eskizofrenia, bipolaritatea, depresioa, antsietatea, elikadura nahasmenak, alkoholismoa... besteak beste. Eta, nola ez, alboan utzitako jende mordoa noraezean galdua.

Baina agintean daudenek beren ardurez arduratu gabe segitzen dutenez, herriari dagokigu elkar saretzea, eta suizidio kolektibo horren ondorioak sanatzea. Osasun sareak garatu behar ditugu, albo kalte kontsideratu gintuztenon ondoeza denon ardura delako. Gugatik, ondoko generazioengatik eta gure borrokaren egiazkotasunagatik. Berriro elkarri lotzea tokatzen zaigu, elkar entzutea, haserreak konpartitzea, min komunak ikustea, etsaiak identifikatzea... parte hartzea eta berriz altxatzea!

Erresilientziaren garaia da; txikian lan egitera bultzatu gintuzten arrazoiak gainditu eta kolektibo anitz eta sendo bat osatzeko unea da, herri boterearen alde. Bakoitzaren sormen iturrietatik batera bultza egin eta buruz buruko konpromiso eta duintasuna galdu gabe aurrera egiteko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.