ZUZENDARIARI

Hezkuntzan zergatik ez?

2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Duela hilabete, hezkuntzari buruzko eztabaida piztu zen Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak ateratako agiriaren harira. Ondoren etorri zirenak sare sozial eta egunkarietan irakurri genituen. Eztabaidan parte hartu zuten gehienak espektro politikoan ezkerreko ziren. Jakina da diru publikoz ikastetxe pribatua laguntzeko sistema honek EAJ, Geroa Bai, PSE/PSN, Na+ eta PPren babes osoa duela. Hauen artean ez dago eztabaidarik; bai, ordea, ezkerreko sektore zabal batean. Hezkuntzarako itunpeko sistemak egoteak kontraesan handiak eragiten dizkigulako.

Eztabaidak hari asko dauzka, baina bati tira egitearren eta eztabaidari datuekin laguntzeko asmoz, segregazio ekonomikoaren hariari tirako diot. Berriki Esadek eta Save the Children-ek Espainiarako egin duten ikerketaren arabera, segregazio ekonomikoari dagokionez, txapelduna Madril da, EAE bigarren dago eta Nafarroa zazpigarren. Aldiz, hezkuntzan sistema publikoak duen garrantziari buruzko datuetan, EAE (%51ko tasarekin) eta Nafarroa (%64ko tasarekin), biak azken postuetan daude. Motzean esanda, gurean dauzkagu eskola itundu asko eta segregazio ekonomiko handiena duten hezkuntza sistemak.

Datu hauek, gainera, tranpa txiki bat dute. Ikastetxe publiko guztien batezbestekoa egiten da, herri/auzoan lehia izan edo ez. Hortaz, eskola publikoa bakarrik dagoen herrietako datuak beste ikastetxe mota batzuen lehia duten herrietako eskola publikoetakoekin batzen dira. Horrek esan nahi du konpetentzia dagoen herri hauetan sareen arteko tartea oraindik ere handiagoa dela. Konpetentzia dagoen herri hauetariko askotan, gainera, EH Bilduk gobernatzen du, eta eskola publikoarekiko jarrera beste alderdiena bezalakoa edo zenbaitetan okerragoa ere izaten ari da.

2015etik 2019ra, ikasleen arteko segregazio ekonomikoak handitzen jarraitu du, eta ezker abertzalekook ekidistantzia neurtu batean jarraitzen dugu, egungo eredu segregatzailea sustengatuz. Diru publikoa hezkuntza itunetan xahutzen jarraitzen dugun bitartean (623+139=762 milioi euro urtero), «Non dago diru publikoa?» galdetzen diogu geure buruari. Publikotasunaren izaera ezbaian jartzen dugu, hezkuntzarako bereziki, sozialismoa helburu dugula esaten dugun bitartean. Ongi etorri errefuxiatuak banderola jarriko dugu balkoietan, baina baliabide ekonomiko gutxiko euren seme-alabak gureekin ez nahasteko egiturak mantenduko ditugu.

Ezkerreko alderdi politiko batek sistema publiko guztiaren alde egin behar luke. Osasungintzan, adibidez, Osasunbidea/Osakidetzaren alde egiten da inolako zalantza/abizenik gabe. Zergatik ezin da hezkuntzan berdina izan? Zergatik sustengatzen dugu gizartean arrakala hau sortzen duen sistema? Zergatik ezin dugu Ezker Abertzalean Euskal Eskola Publikoaren alde egin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.