Aurreko bi asteak barnetegi batean pasatu ditut. Han oso adin ezberdinetako pertsonak ezagutu ditut, eta nabaritu ditut hainbat belaunaldiren arteko ezberdintasunak, eta gehien harritu nauena hizkuntza izan da.
Barnetegian guztiok euskaraz egiten genuen, nahiz eta maila ezberdinetan egon, euskara zen entzuten genuena, eta orduak eta orduak ematen genituen hizkuntza horretan hitz eta pitz. Gure artean ez ulertzeko arazoa ez zen euskara, belaunaldien arteko harresia baizik. Hainbat umoristek egin diote erreferentzia gai horri, «gazteen hizkuntza berria». Sare sozialetan ere aurki daitezke «gazteei ulertzeko hiztegia» izeneko bideoak, keinuak eta esaerak azaltzen dituztenak. Azkenaldian gehien errepikatzen diren muletilla-k hauek dira: en plan, modo, tipo edo rollo. Haien artean deitzeko gehien erabiltzen dena bro da.
Esan behar da belaunaldi guztiek haien hizkeran bitxikeriak dituztela, adibidez: guk ez dugu hitz egiten gure gurasoek bezala, ezta haiek gure aitona-amonek bezala ere. Azkenean, hizkuntza ez da estetikoa den zerbait, urteekin asko aldatzen baita. Ez dauka zerikusirik gaur egun gure ama hizkuntza nola hitz egiten den duela bost mila urtekoarekin alderatuta.