Iruñerriko ibaiak egoera negargarrian daude haiekiko erantzukizuna duten erakundeen utzikeriagatik. Erreken egoera hobetzeko, boluntario talde batek Argaren ertzak garbitzeari ekin genion ekainaren 15ean, Landare Produktu Ekologikoen Kontsumitzaileen Elkartearen eta Iruñeko Piraguismo Elkartearen deialdiari erantzunez.
Plastikoak, botilak, bidoiak, hipermerkatuetako orgak, freskagarri-latak, arropak, motor baten hondakinak... Guztira, bi kamioi txiki bete genituen zaborrez. Zaborren zati bat azken uholdeek ekarritakoa zen, baina bazen luzaroan han egon dena ere. Garbitu ahal izan genuen ibai tartea oso txikia izan zen, ibai guztia hondakinez garbitzeko lan itzelarekin alderatzen badugu. Ibaia zakarrez beteta dago, zabortegi bilakatzen ari gara botatako hondakinekin. Gizakiaren bizitzarako ibaiak duen garrantzia ahaztu dugu. Bertaratu ginenok hezkuntza gabezia handi baten eta inkontzientziaren ondorioez jabetu ginen. Gainera, ura kutsatzen ari gara, eta ibaian bizi diren landare eta animaliak arriskuan jartzen.
Ohar honen bidez, lagundu ziguten pertsonei eta Club Natacion Pamplona, Burlatako Udala eta CRANA erakundeei eskerrak eman nahi dizkiegu. Batzuek beren bazkideak animatuz eta beste batzuek materiala baliatuz garbiketa-lanetan izugarri lagundu gaituzue.
Ekinbidea ez da hemen bukatzen. Herritarrak, erakunde eta elkarteak animatu nahi ditugu datozen deialdietan parte hartzera. Horietako bat, ziurrena, irailaren bukaeran izango da.
Zuzendariari
Ibaien egoera larria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu