Zuzendariari

Igor Urrutikoetxea, abertzale internazionalista

Lezama.
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kaixo, Igor. «Maletak prestatu eta banoa» esanez abiatzen zinen maiz. Etxekoak ohituta zeuden horretara. Aitak amari eta amak aitari: «Nora doala esan dau? Ez dakit, Asia edo Amerikako nonbaitera; egoteko lasai, bidaliko deuskula postalen bat, edo, bestela, etxera datorrenean ekarriko deuskula opariren bat».

Sukaldean daude bisitatu dituzun herrietako oroigarriak, gehienak LABeko arlo internazionaleko arduradun izatetik deribatuak. Oxangoiti herrikon ere zure lagunak errepasatzen ari dira zuk bidalitako postalak.

Azken bidaia, Brasilekoa, sano samingarria suertatu da etxekoentzat. Istripu larriaren berri izan zutenetik, barruko korapiloa askatu ezinik bizi izan dira. Jakitun izan dira, hara joandako etxeko biren partez, ondo jagonda zengozela, LABeko lagunak eta Brasileko sindikalista lagunak ere gertu izan dituzula, baina zure bihotzaren taupadak isildu egin dira.

Dena den, nabaria da etxekoen onarpena, zintzoa izan zarelako, zeure buruarekin kontsekuente, eta horixe estimatzen dute Lezamako lagunek. Jakitun gara LABeko kideek egin dituzten ahaleginez, istripu egunetik hasi eta zure gorpua herriratu arte, eta etxekoekin izan duten gertutasun samurraz.

Familia xume baten seme izanik, Euskal Herriko eta munduko langileriaren alde zeure baliorik onenak oparitzeko prest izan zara, azken bidaia lekuko. Ziztu bizian ihes doan kometaren lorratzak sumatzen ditugun lez, zure ekinaren onurak ere nabarituko dira, Lezaman, Euskal Herrian eta munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.