Zuzendariari

Independentzia nahi ote dugu?

Irun.
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan BERRIA egunkarian Pako Aristiri egindako elkarrizketak zer pentsa eta zer hausnar eman zidan. Euskaldunok benetan nahi ote dugu independenteak izan?

Pako Aristiri erantzun nahiko nioke denon izenean, euskaldunon ordezkari gisa, baina hori ezinezkoa dut, erreferenduma edo galdeketa bat egin ezean, eta nik diot ezetz, ez dugula bakarturik bizi nahi. Izan ere, independentzia indibidualak nahiz kolektiboak hori erran nahi baitu, bakarrik gelditzea. Hori irakurri diot duela gutxi Gabriel Korta Rekarte euskal poetari bere azken poema-liburuan, Elurra galtza motzetan, askatasunak bakardadea dakarrela. Prest ote gaude bertze gauza batzuei uko egiteko askatasunarengatik? Egia da askotan bakardadea ez dugula hautatzen, eta aske ez bagara ere, bakarrik gaudela halabeharrez, amodioz preso edo kartzela-politikagatik preso.

Hain zuzen ere, iragan astean, Gara berriemailean, Unai Parot euskal preso politikoak hizkuntzari buruzko hausnarketa ona idatzi zuen artikulu batean, Erdara maitea izenburupean. Orain arte euskara salbatzeko ahaleginetan denak balio zuela-eta, euskaldunok erdarakadarik gordinenak ere onartzeko prest geunden, baina nago jarrera horrekin ez ote dugun gehiago indartu erdara. Erdarekiko menpekotasun handiagoa dugu, eta euskal sena ahuldu hitz berriak sortzeko orduan.

Gauza berbera gertatzen da lurraldetasunari dagokionez. Nahasi egiten ditugu dependentzia eta in(ter)dependentzia terminoak, independente izateak beldurra ematen baitigu. Beldurra ematen dit bakarrik gelditzeak eta inork maitatu gabe bizitzeak, eta uste dugu independente izatea helburu dela, baina ez da hala. Independentzia tresna edo bitarteko bat bertzerik ez da interdependentzia lortzeko, independenteak eta beregainak garenon arteko harreman errespetuzkoa eta maitasunezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.