ZUZENDARIARI

'Influencer' txarrei kondoia

Elantxobe.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Sare sozialetan 27 milioi jarraitzaile dituen gazte batek, elkarrizketa batean aitortu duenez, berarekin oheratzen diren emakumeak engainatzen ditu, eta preserbatiborik erabili gabe barruan eiakulatzen du. Bere burua justifikatu nahian, antzua dela dio, gainera.

Influencer terminoa oso zabalduta dago gizartean, batez ere emozionalki oraindik hazten ari diren gazteen artean. Badira, hauen zaurgarritasunaz aprobetxatuz, balio egokietatik at dauden mezuak helarazten dizkietenak ere; sare sozialez baliatuz, hauen nortasuna triskatu dezaketenak.

Influencer onak eta txarrak bereizten hasteko garaia izan liteke.

Ingelesa cool-agoa dela ematen duenez, joera berri bat proposatzen dut: #badinfluencer. Eragin honen aurrean, hezkuntzak erantzun argi bat eman behar du. Hezkuntza afektibo-sexualari ezinbesteko garrantzia eman behar zaio eskoletan.

Hezkuntza hori ikasgeletan modu formalagoan eta sistematizatuagoan landu beharko litzateke.

Betiere, pertsonaren adinera egokituta, eta garapen-maila eta sentsibilitate soziala, kulturala eta generoa kontuan harturik.

Ingurune hipersexualizatu batean bizi gara, non pornografia den erreferentzia sexual bakarra gazte askorentzat. Gero eta adin txikiagotan hasten da sexuaren inguruko kuriositatea loratzen. Hortaz, txikitatik hasi beharko ginateke ondorio positiboak dauzkaten erantzunak ematen, sexu eta ugalketa osasunarekiko jarrerak hobetzen lagunduz.

Eta ez hori bakarrik, genero-indarkeria eta diskriminazioa prebenitzen eta murrizten ere lagunduz.

Beren sexualitateari eta harremanei buruzko erabaki informatuak modu aske eta arduratsuan hartzen trebatu behar ditugu.

Agian, larrua jotzeko ez ezik, sexu-abusuaren apologia egiten duten zenbait ahots mutuarazteko ere jarri beharko litzateke kondoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.