Joan den asteartean, BERRIA egunkariak ezagutzera eman digun albiste batekin altxatu naiz: «Eraso matxista bat egitea egozten dioten Irungo alarde baztertzaileko buruetako bat babesteko elkarretaratze bat egin dute». Zaila Irunen feminista izatea. Oro har, ezkertiarra izatea ere zaila da hemen.
Lagunartean telefonoz aritu gara albistearen inguruan. Gertakari asaldagarri horrek bultzaturik, BERRIAko kazetariak seinalatutako zerbaitetan jarri dugu arreta: zergatik erabiltzen ditu instalazio publikoak giza eskubideak errespetatzen ez dituen elkarte batek?
Eskerrak Irundik kanpoko jendeak hemen gertatzen denaren inguruan bere ikuspuntua plazaratzen duen. Hemen bizi garenok hainbat indarkeria mota normalizatuta dauzkagu, eta batzuetan ez gara horietako batzuez jabetu ere egiten. Balio ezkertiarrak etengabe umiliatzen dituen Udal Erregimenaren politikek hainbat biolentzia normaltzat jotzera eramaten gaituzte.
Irunen biztanle dexente bizi gara, baina gizarte-etxe moduko bakarra dugu elkarte guztiontzat. Gune hori giza eskubideak urratzen dituen alarde baztertzailearen batzordeak ere erabiltzen du.
Lagunartean izan dugun elkarrizketan gogoratu dugu ezen, azpiegitura publikoak baliatzeko baimenik jasoko badu, «giza eskubideak errespetatzea» eskatu ohi zaiola edozein elkarteri. Ziztu bizian jo dugu Palmera Montero espazioko erabilera baldintzak goitik behera aztertzera.
Hara! Hau sorpresa! Irungo gizarte-etxe moduko bakarra erabiltzeko ez da beharrezkoa gizarte eskubideak errespetatzea! Nola, bada, Irungo jaietan gure hiriko kaleak okupatzeko ere oinarrizko eskubideak errespetatzea beharrezkoa ez bada! Gure ikerketatxoan jarraitu dugu, eta Irungo Alarde diskriminatzailearen webgunean sartu gara. Hortxe ikusi dugu gure alkate anderea, irribarretsu, Irungo espazio publiko batean giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten gizonei sari bat ematen.
Nazkak eta amorruak gainezka egin digute. Eta umiliazioari nolabait buelta emateko testu hau idaztea erabaki dugu. Bide batez, azken 30 urteetan Irunen Alardea publiko, bakar eta parekidea izateko lanean aritu direnei, guztiei, eskerrak eman nahi dizkiegu. Ez da erraza Irunen feminista izatea.
Irunen ere, giza eskubideak bermatuta nahi ditugu!