Donostia

Itxaropena

Jon de la Peña Tena
2026ko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizakiak etorkizuna ilusioz ikusteko nahia izan ohi du, oparotasuna iristeko zain, itxaropentsu. Letorkeenaren ziurgabetasunak sortzen duen ezinegona. Aldaketarik egotekotan, uneko errealitate hori erosoagoa den beste bat bilakatuko den edo zulo ilun baten barreneko amets gaiztoaren lehen urratsa izango den irudikatzen duen izakia.

Alboetara begiratzean, zure helduleku diren adiskide desberdinei begietara begiratzean, berehalakoan uler daitezkeen mezu sakonenak, eta atzera begiratzean, beste batzuk, bereganatu nahi zuten probetxuzko gutiziarekin besapean, aurkako noranzkoan oinez ikus ditzakezunean, ezustekoan lortutako ikasketa. Betierekotasunaren etsai, egiaren anaia eta heldu egin behar izatearen gorrotozko lagun.

Bidean negar egitea onartzen da. Jipoiek adierazitako norabidean lasterka, herrenka zoazela dirudienean, zure sorbaldan oin batek zapaltzen zaituenean, arrunt izatearen beldur den behartsua aseko duen garaipenaz ohartzean. Ulertezin, atzo begietara begiratzen zizunak gaur ez duelako nahikoa etekin lortu. Harremanen salerosketan, zurearen balioa ez omen baita erakusleihoan egoteko modukoa.

Une jakin batean maitalez mozorrotutako oztopo baten erruz lurrera jaustean. Inoiz uste baino gertuago ikusten duzun amildegiaren ertzak deitzen zaituela dirudienean, zure bizkarra zauriz betea duzunean, odol arrastoak zure aztarna bihurtzen direnean, bizilagunik gerturatzen ez denean. Ingurura begiratu eta denak zitala dirudienean, lurrari itsasten zaituen erakarpen indar gaindiezinaren aurka, beso batek irudikatzen duen itzalaz jabetzean.

Beso horrek heldu bezain laster, gorantz tira egin eta hankek, senaren aurka, agindu horri zin egitea erabakitzen dutenean entzuten baita itxaropenaren deiadarra.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA