Iruñea

Izen baten promesa

Mikel Larraza Arbizu
2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauxe da Hedoi Etxartek idatzi berri duen eleberriaren izenburua. Aitor Etxarte ezezaguna zitzaienentzat, liburua irakurtzea Hedoiren aita ezagutzeko aukera ederra da; eta ezagutzen genuenontzat ere, suma genitzakeen ezaugarri batzuk era intimoagoan baieztatzeko edo haren izaerari buruz ezezagunak zitzaizkigunak deskubritzeko abagune paregabea.

Hain urruna ez den iragan bat ezagutzeko aukera ere ematen zaio irakurleari. 70eko hamarkadan gehienbat Euskal Herrian, baina baita Katalunian edo beste zoko batzuetan ere arnasten zen giroa sentitzeko balio du, doluari, galerari eta heriotzari buruzko saiakera literario bikaina izateaz gain.

Aitorrengan zentratuz, niri behintzat eleberri honek hartaz neukan irudia berresteko balio izan dit. Pertsona konprometitua oso, militantea, iraultzailea, kultua, eskuzabala… Asmoa ez denez, inondik inora ere, spoilerrik egitea, ez dut adibiderik jarriko.

Kontua da abenduaren 18 honetan bost urte bete direla Imenasako Echarte pobrearen semea planeta honetan ez dagoenetik. Eta zer nahi duzu esatea, Nabokoven begirada baliatuz, mundu honetako pertsona guztiok bezala Aitorrek ere akatsak izan zituen arren, gizon hau piztu eta itzali zen tarteko denbora horretan mundua zertxobait hobea izan zela esatera ausartu naiteke.

Esana dago Euskal Herrian eta batez ere Nafarroan zer garrantzi izan zuen euskararentzat, kulturarentzat eta zer esanik ez, hezkuntzarentzat. Osasunak utzi izan zion bitartean, bere lana nekaezina izan zen azken horren alde. Nafarroako Eskola Kontseiluan egindako lan eskergaren ondoren hartutako erretiroan, besteren artean berea ere bazen Udal Ikastolaren proiektuaren historiaren erregistroan eman zituen azken egunak.

Hedoik bere liburuan aitari aitortzen dion bezala, «diskrezioarekin eta intimitatearekin zuen harremana nolakoa zen jakinda», ni ere agian berarentzako traizio bat izan zitekeena proposatzera nator. Onartu beharra dut liburuaren izenburua ikusterakoan burura etorri zitzaidan lehenengo gauza izan zela. Hil zenetik bueltaka darabilkidan kontua da, tarteka joan eta etortzen dena.

Nire ustez Aitor Etxartek denboran iraunkorra izango den aitortza bat merezi du herri honetan. Euskararekin eta hezkuntza publikoarekin zerikusia duen zerbait izan beharko luke. Ikastetxe berriak sortzea ez da horren erraz gertatzen den zerbait. Gure lurralde kuttun honetan, gainera, halakoak D eredukoak izatea ez dago batere boladan, nahiz eta egia den eskola erdaldun batzuetan eredua bera berritik txertatuz doala, zorionez, besteak beste Aitor bezalako pertsonen ekimenari esker.

Baina bada Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sinatu berri duten aurrekontuetarako akordioan jasotzen den proiektu bat: «Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartu du Zubiarte euskaltegiaren eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren (EIBZ) kokapen berria aztertzeko, kontuan izanik, euskaltegi hori Nafarroako helduen euskalduntzerako zentro publiko bakarra denez, kokapen horrek estrategikoa izan behar duela eta herritar gehienentzat irisgarria, zentroari ikusgarritasuna eta eskaintza publiko horri proiekzioa emateko».

Beraz, lerro hauek probesten ditut eraikin hori berria bada edo, adibidez, Aitor Eskola Kontseiluko buru zenean lanpostua zeukan Ezpeleta jauregian txertatuko balitz, zerbitzu horiek bilduko dituen erakundeak Aitor Etxarte izena izan dezala proposatzeko. Edota hezkuntza publikoarekin eta euskararekin zerikusia izan dezakeen beste edozein eraikuntza, areto edo ekimenetarako ere, izendapen hori kontuan har dadila bederen. Horixe da neure buruari 2020ko abenduaren 18an egin nion izen baten promesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.