ZUZENDARIARI
Jon Gurutz etxera!
Euskal Herrian jaio izanaren ordaina izan da gatazka mingarri batean harrapatuak egotea. Aukera bat izan zitekeen ez ikusiarena egin eta ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzen saiatzea. Baina gauzak gertatzen dira. Eta, zorionez, herri honetako gizon eta emakume askok gure herriaren alde duten hoberena emateko hautua egin dute, egin dugu. Ez da hautu xamurra izan. Hasiera-hasieratik jakin izan dugu egindako hautu hori ez zela doakoa izango. Gatazkaren logika nagusitzean irudi du arerioari min gehiago egiteko gai dena izango dela azkenean garaile. Herriaren eskubideen alde borroka egin dugunok ere ez gara zurrunbilo horretatik kanpo egon. Segur asko, ekidin zitekeen mina eragin dugu. Baina ongi eta gaizki egindakoen gainetik beti izan dugu helburu bat: lehenbailehen bukatu behar da gatazkarekin, askatasunean eta bakean bizi ahal izateko. Eta garbi izan dugu ere gatazka gordinenak ere arauak izan behar dituela; gizatasunari loturikoak; nazioarteko hainbat hitzarmenetan ere aitortuak. Arau horietako bat da gaixotasun larria duten presoek bizitza duin baterako eskubidea dutela, espetxean egotearekin bateraezina dena. Nire anaia Pello zerraldo ekarri genuen kartzelatik. Ni neu, Bautista, ez nintzen oso aparte egon patu horretatik, baina herriak ni etxera ekartzea lortu zuen eta bizitza berregiteko aukera izan dut. Jon Gurutz da orain gure kezka. 69 urte betetzera doa; 42, herritik kanpo. 30 urtez silueta beltz bat izatetik borrokak zaildutako aurpegi baten argazkia izatera pasa zen. Orain gaixo dago. Eta etxera etortzeko garaia da. Abenduaren 27an, Etxarri Aranatzen eginen den manifestaziorako gonbitea luzatu nahi genieke herritarrei. Denak etxera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu