Oharkabean eta azalpenik eman gabe, duela hilabete batzuk kamerak jarri zituzten Euskal Herriko ikastetxeetako ikasgeletan. Ikasleei eman diguten azalpenaren arabera, neurri hau pandemiaren antzeko egoera bat berriro gertatuz gero prest egoteko omen da. Dirudienez, kamera hauen bidez, irakasleek klaseak eman ahal izango liekete berrogeialdian leudekeen ikasleei bideo dei bidez. Nik ez dut zalantzan jartzen horretarako erabili daitezkeenik, baina (barkatu esateko modua) kiratsa dariela ukaezina da.
Ez dut uste beharrezkoa denik gaur egun Euskal Herriko ikastetxeak kameraz betetzea, arrazoi sendorik gabe, soilik «badaezpadako» argudioa erabiliz. Are gutxiago, segurtasun kamerek gure gizartean duten kutsu gatazkatsua kontuan hartzen badugu.
Galdera erraza da: norbait aberastu al da kamera hauek masiboki saldu eta instalatu izanaren ondorioz? Edo, konspiraziozale jarriz, norbait datu baliotsuak biltzen ari al da ikasgelan gertatzen den guztiaren jarraipen sistematikoa eginez?
Ni ikasle bat besterik ez naiz, baina egun batetik bestera eta aurreko azalpenik gabe eskolak kameraz josi dituztela konturatzeko gai banaiz. Beste asko horretaz ere ez. Orwellek burua altxatuko balu!